Orobio errekako ura barik, Saratzuko auzotarrek ur-hornidura orokorra izango dute lanak amaitutakoan

Ekaitz Herrera 2020ko otsailaren 19a

Zornotzako Udalak ura sare orokorretik Saratzu auzora eramateko lanak hasi ditu. Orain arte Orobio errekatik hartutakoa izan da Saratzuko auzotarren ur-hornidura. Zehazki, Orobio errekatik ura hartu, auzoko ur-deposituan kloro tratamendua egin, eta ur hori bideratu izan zaie gero etxeetara.

Udalak azaldu duenez, "gaur egun Orobio errekako ur gordina hartzen da eta Saratzuko ur-deposituan bertan kloroa botatzen zaio". Tratamendu hori "normalean egokia bada ere", udalak azaldu du ez dela egokia "euriteek errekako ura zikintzen dutenean".

Saratzuko auzotarren ur-hornidura sare publikora lotuta, auzoko uraren kalitatea bermatu gura du udalak. Lanak egiteko hiru hilabete beharko dituzte. Aurrekontua 96.430 eurokoa da eta horren %70 Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailak finantzatuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!