Aurten hasiko dira Zornotzan Urgozo kiroldegia eraikitzen, 5.5 milioi euroko aurrekontuagaz

Joseba Derteano 2020ko urt. 31a, 13:10

Betarraganeko Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko egitasmoa onartu du Zornotzako Udalak. Lanak aurtengo azken hiruhilekoan hastea aurreikusi dute, eta 2022ko udarako amaituta egotea. Azpiegitura berriak 5.564.000 euroko aurrekontua izango du. 

Hertza Arkitektura Bulegoak egin du proiektua eta bertako arkitektoa den Roberto Hernando zornotzarrak eman ditu azalpenak. Kiroldegia Betarragane inguruan egingo dute, Zornotza erdigunean. Han bide itsu bat dago, etorkizunean Karmen kalera arte luzatuko dena. Bide horren eta Karmelo ikastetxearen artean dagoen orubean eraikiko dute.

Eraikinak bi espazio nagusi izango ditu. Nagusian saskibaloi kantxa bat egingo dute, harmailez inguratuta, 1.066 lagunentzako tokiarekin —1.300 zutik egon daitezkeenak kontuan hartuta—. Harmaila bi bilkorrak izango dira. Harmailak batuz gero, espazio horretan kantxa bi sortu ahalko dira, entrenatzeko zein partiduak jokatzeko. Zornotza Saskibaloi Klubaren etxe berria izango da. Saskibaloian aritzeko ez ezik, beste funtzio bat ere izango du espazio horrek: kontzertuak edo hedadura handiko bestelako ekitaldiak hartzeko balioko du. Funtzio hori duenean 2.500 lagun inguru sartu ahalko dira. Hori guztia eta gehiago (prentsa aretoa…) goiko solairuan. Behekoan aldagelak, almazenak eta bestelako azpiegiturak joango dira.

Sarrera nagusia dagoen tokian 250 metro karratuko aterpe bat egongo da.

Erabilera anitzeko gunea eta sarbideak

Bigarren espazioa erabilera anitzekoa izango da, herriko kirol eta kultur elkarteei bideratutakoa. Kiroldegiaren ezaugarri nagusienetako bat da espazio bakoitzak bere sarbidea izango duela. Bat irekita dagoen bitartean bestea itxita egon daiteke eta alderantziz. Horrela, espazio bakoitzak bere aldagela propioak izango ditu. Gune biak barrualdetik lotuta egongo dira.

Eraginkortasun energetikoa

Lan ildo nagusienetako bat efizientzia energetikoa izan dela azaldu du Hernando arkitektoak: klimatizazioan, aire egokituan eta egituraren isolazio termikoan ahalegin berezia egin dute. Horrela, arlo horretan, kiroldegiak Europar Batasuneko klasifikazioan A maila izango du, dagoen mailarik altuena.

Inbertsioa, aurreikusitakoa baino %25 handiagoa

Egitasmoaren hasieran aurreikuspen ekonomiko batzuk egin zituen udalak. Estimazio hura baino %25 gehiago inbertituko du azkenean, 5.564.000 euro, hain zuzen. Herriko askotariko elkarteekin izandako batzarretan beharrizan berriak agertu direla eta proiektuan haiei tokia egin dietela azaldu du Agirrebeitia alkateak. Eraikinak, orotara, hasieran aurreikusitakoa baino 1.300 metro karratu gehiago izango ditu, esaterako. Efizientzia energetikoa bilatzeko neurriek ere handitu dute inbertsioa.

EH Bilduk eta Hiri Ekimenak kontra bozkatu dute

Kiroldegiaren gaineko xehetasunak eman aurretik, gaur goizeko udalbatzarrean, proiektua onartu dute EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Hiri Ekimenak kontra bozkatu dute. Larreako kiroldegia "txiki" geratu dela eta saskibaloirako azpiegitura berri bat behar zela onartu du EH Bilduko Ander Uriartek, baina bere iritziz herrian badaude "beharrizan handia" duten beste kirol mota batzuk eta kiroldegi berriko planteamenduari "modu zabalean" heldu behar zitzaion. Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezen ustez ere "beharrizanen aurretiazko azterketa sakon bat" egin behar zen, herriaren etorkizuneko hazkundea kontuan hartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!