“Bizi-ikuspegi bat islatu gura izan dugu liburuan; mendia versus bizitza, balioetan sakonduz”

Joseba Derteano 2020ko ots. 1a, 10:15

Unai Ormaetxeak 'Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak' liburua kaleratu du, Sua argitaletxeagaz. Mendigoizale eubarraren kirol bizitzatik haratago joanda, bizitza ikuspegi bat islatu gura izan du, bere ertz guztiekin

Liburua orain 15 urte egindako iradokizun baten emaitza dela aipatu izan duzu.
Hori da. 2004an Juanito Oiarzabal K2 mendian galdu eta mendigoizale batzuek lagundu ziotenean, Alex Txikon tartean zegoen. Alex laguna dut, eta, espediziotik bueltan, zerbait egin zitekeela proposatu zidan. Urte batzuk lehenago Jon Sarasuak eta Andoni Egañak ateratako Zozoak Beleari saiakera eredu moduan hartuta, Alexegaz antzerako zerbait egin nezakeela pentsatu nuen, nik berari gutunak idatziz eta berak niri erantzunez. Azkenean, ideia hor geratu zen. Baina betidanik izan dut buruan. Harrezkero, hiru liburu kaleratu ditut, eta, etapa hori amaitu dudanean, Alexena aurrera eramateko sasoi egokia dela iruditu zait.

Gertaera batzuen kontakizuna baino gehiago da liburua.
Everesterako igoera saiakera baliagarria da liburuari egitura edo ordena bat emateko, baina liburua ez da espedizioaren kontakizun bat edo Alexen biografia huts bat. Informazio hori badago interneten. Badaude datu biografikoak, baina bizi-ikuspegi bat islatu gura izan dugu: mendia versus bizitza, balioetan sakonduz. Menditik abiatuta, eguneroko bizitzan edonorentzat lagungarri edo eredugarri izan daitekeen zerbait sortzen ahalegindu gara. Nik beti diot mendiaren modukoa izan gura nukeela, beti aldakorra eta beti bera. Neguan joan edo udan joan desberdina da, baina ikuspuntu pertsonal batetik badago mantentzen den esentzia bat, eta esentzia hori balioetan islatu gura izan dut, natura dela, berdintasuna dela…

Mendian, bizitzan lez, beti ez da helburua lortzen, beti ez dago gailurreraino ailegatzerik. Dikotomia hori jaso duzu liburuan?
Bai. Alex Everest neguan eta oxigenorik barik igotzeko bigarren ahaleginean zebilela gorpuztu nuen liburua. Orduan ere ez zen gailurreraino heldu. Lortu izan balu, epikoa izango zen, baina ez lortzeak badu bere hausnarketa eta ikasgaia. Eta, hain zuzen, ideia horregaz borobiltzen dut liburua amaieran, Urrezko 99 txanpon izeneko ipuinaren bitartez, urrezko 99 txanpon izanagatik  ehungarrenaren bila zoratu beharrean zebilen haren istorioagaz. Galtzailea ez da helburua lortzen ez duena, ahalegintzen ez dena baino. 'Bidean ikasitakoa eta zelan egin duzun bide hori, zer balio edo zutabetan eraiki duzun', horixe da mezua.

Alex Txikonen bizi-ikuspegia da ala zeuretik ere badu?
Neuretik du gehienbat, nik transmititu gura nuena transmititu dudan heinean. Baina Alex ados egon da idatzitako denagaz, eta oso pozik dago azken emaitzagaz.

Liburua ontzerako prozesuan, zelakoa izan da Alexegaz izandako hartu-emana ?
Gatxena beragaz geratzea izan da, beti handik edo hemendik dabil eta. Ni aurretik joan naiz beti, baina banekien horrela izango zena. Baina ezagutzen dudanez, eta bere kirol ibilbidea publikoa denez, banekien nondik jo. Berari liburuko pasarteak bidalitakoan, oso idenfikatuta sentitu da idatzitakoagaz. "Nik idatzita dagoela dirudi", esan izan dit.

Narrazioa lehenengo pertsonan eta bakarrizketa estiloan idatzita dago. Zergatik hautu hori?
Liburuko protagonista bakarrak Alex bera eta bere motxila dira, horrek esan gura duen denagaz. Motx bere motxilari berba egiten dio uneoro. Motxila gu gara, gutariko bakoitza. Ideia horrek liburuaren helburuak borobiltzen zituen, eta sinplea zen. Azkenean, guri berba egiten digu.

Ilustrazioek zelako garrantzia dute liburuan?
Irudi aldetik, argi nuen Printze txikia ipuinaren estiloko zerbait gura nuela, baduelako zelanbaiteko lotura gure liburuan azpimarratzen diren balioekin. Cesar Llaguno da ilustratzailea. Martin Zabaletaren espedizio ospetsuaren harira, Everest izeneko komikian egindako lana asko gustatu zitzaidan. Proposatu genion eta pozik onartu zuen. Irudiek gura genuena transmititzen dute.

Nori dago zuzenduta liburua?
15 urtetik gorako edonori. Poz handia hartuko nuke Batxillergoan eta nerabezaroko adin konplikatu horretan daudenentzat irrika bat sortzeko baliagarria balitz. Edo mendiarekiko grina sortzeko edo liburuan jasotzen diren ikuskerak euren errealitatera eramateko baliagarria balitz, nork bere bizimodura.

Liburua dela-eta, baduzue berbaldirik edo antzekorik antolatzeko asmorik?
Bai, ildo horretatik, ikus-entzunezkoak lantzen nabil; liburuaren inguruko bat eta Alexen ibilbidean gehiago zentratuko den beste bat. Bata bestearen osagarriak izango dira. Horiek ikastetxeetara zabaltzea gura nuke, ikastetxeetako material bihurtzeak ilusioa egingo lidake. Aukera sortzen denetan, berbaldi edo solasaldiak ere eman gura ditugu, jendeagaz aurrez aurre egoteko. Materiala apiril ingururako prest izan gura nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!