Txotx! Javier Conde eta Mikel Garcia atleta paralinpikoek Bizkaiko sagardoaren denboraldi berria zabaldu dute, Zornotzan

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 23a, 12:24

Zornotzako Uxarte sagardotegian inauguratu dute Bizkaiko sagardoaren denboraldi berria. Javier Conde eta Mikel Garcia atleta paralinpikoek izan dute uzta berriaren emaitza lehenengoz dastatzeko ardura eta ohorea. Bizkaiko sagardogileek 150.000 litro ekoitzi dituzte guztira. Dena bertoko sagarragaz. Aho-sentipen xamurra eta ohi baino alkohol maila baxuagoa du. 

Uxarte sagardotegiarekin batera, Zornotzako Etxerriaga sagardotegiak, Berriatuko Laka-Erdi, Gizaburuagako Laneko, Gatikako Etxebarria eta Eguskiza, Lezamako Erdikoetxe eta Markina-Xemeingo Axpe sagardotegiek hasi dute denboraldia.

Enbaxadore txapeldunak

Javier Conde atleta paralinpiko bilbotarra da. Atletismo arloko makina bat domina irabazi izan ditu Mundu zabalean jokatutako Olinpiar jokoetan. Besteak beste, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Sidneyn (Australia), Atenasen (Grezia) eta Atlantan (Ameriketako Estatu Batuetan) eskuratu ditu urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak.

Mikel Garcia atleta, berriz, Javier Conderen ikaslea da. Gaztea da, baina dagoeneko argi utzi du gaztea izanagatik beste maila batean dagoela. Iaz urrezko hiru domina eskuratu zituen Australian jokatutako Inas Global Games kirol-probetan. 1.000 atleta baino gehiagoren artean nabarmendu zen Garcia. Egun, Basauriko Saiatu atletismo klubean entrenatzen du. 

Aurreko edizioetan Onintza Enbeita bertsolaria, Aiora Renteria Zea Mays taldeko kantaria, Aitzol Atutxa aizkolaroa edo Aitor Elizegi sukaldaria izan dira Bizkaiko sagardo denboraldia inauguratu duten pertsonaietako batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!