“Ametsetan imajinatzen nituen moduan atera dira lasterketak eta emaitzak”

Igor Galarza 2020ko urt. 17a, 13:56
Argazkia: Lander Lopez

Orain arte oparoa izan da urtea Aitzol Sasietarentzat (2002). Garaiko ziklo-kros lasterketan Bizkaiko Txapelketa lehiatu, eta Zornotzako Ekin taldekoak lortu zuen garaipena. Abenduan EAEkoa irabazi eta gero, aurreko asteburuan Pontevedran (Espainia) Espainiako junior mailako azpitxapeldun izan zen.

Zelan bizi izan zenuen Espainiako txapelketa? Pozik emaitzagaz?
Pontevedran antolatu zuten txapelketa oso ondo joan zen, oso sentsazio onekin aritu nintzen eta. Oso pozik geratu nintzen emaitzagaz. Ez nuen sinesten azpitxapeldun izan nintzela.

Faboritoen artean zeunden? Bigarren postua lortzea posible zela uste zenuen lehia hasi aurretik?
Egia esan, lasterketaren aurretik garaileen zerrendan egon nintekeen, bai, edo behintzat faboritoen artean, baina ez nuen inondik ere itxaroten bigarren sailkatzea.

Denboraldiko bolada onari jarraitzeko balio izan dizu?
Bai. Lehenengo, Bizkaiko Txapelketa irabazi nuen, Garain, azaroaren 23an. Handik hilabetera, abenduaren 30ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Txapelketa irabazi nuen, Lezaman. Eta orain hau, Espainiako azpitxapeldun.

Itxaroten zenuen halako emaitzarik izatea?
Bai. Esango nuke ametsetan  imajinatzen nituen moduan atera direla lasterketak eta emaitzak.

Noiztik zabiltza ziklo-krosean?
Orain sei bat urte ekin nion ziklo-krosari, 12 bat urte nituela.

Zelan jaso dute berria taldekoek?
Taldekoek oso ondo hartu naute, eta, jakina, asko poztu dira.

Zenbat lan egiten duzue urte osoan bizikleta gainean zein bizkletarik barik?
Denboraldi barruan gaudenean, orain adibidez, entrenamenduak eta lana egunerokoa bihurtzen dira.

Zer proba geratzen zaizu denboraldiari amaiera emateko?
Denboraldia amaitzera doa eta hiru lasterketa gelditzen zaizkit: Frantzian, Holandan eta Munduko txapelketa Suitzan. Munduko txapelketara joatea da nire hurrengo helburua. Urriaren 12an ekin nion denboraldiari, Urduñan, eta otsailaren 2an amaitzea da nire asmoa, Suitzakoan.  Han, ahalik eta aurreren geratzea izango da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!