Itxura ona eman arren, Amorebietak porrotagaz ekin dio bigarren itzuliari

Joseba Derteano 2020ko urt. 17a, 11:00

Amorebieta futbol klubak porrot bategaz ekin dio Bigarren B Mailako bigarren itzuliari. Eguaztenean, etxean, 1-3 galdu zuen Cultural Leonesa taldearen aurka. Hala ere, uneoro aurpegia eman zuen eta taldeak itxura ona eskaini zuen mailako talderik indartsuenetariko baten aurka.

"Asko gustatu zaizkit taldearen jarrera, lana eta intentsitatea. Kontuan hartu behar da aurrean kalitate handiko taldea geneukala", adierazi zuen Iñigo Velez de Mendizabal Amorebietako entrenatzaileak partiduaren amaieran.

Lehenengo zatian, etxekoek hainbat aukera izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko, baina gol guztiak bigarrenean heldu ziren. Amorrortuk sartu zuen Amorebietaren gol bakarra.

Sailkapenaren erdian
Une honetan, Amorebieta sailkapenaren erdian dago eta bide onetik doa mailari eusteko. Hala ere, Velez de Mendizabal ez da fidatzen. "Oraindino ezer ere ez dago segurtatuta, inondik inora. Partidu asko geratzen dira jokatzeko, eta bakoitza azkenekoa balitz lez hartu behar dugu", adierazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!