Euskal Herriko eta atzerriko 600 korrikalari baino gehiago hartuko ditu Zornotzako nazioarteko 66. krosak

Anboto 2019ko abe. 30a, 11:03

Kirol proba urtarrilaren 5ean egingo da Jauregibarria parkeko landa inguruetan. Irene Loizate atleta durangarrak parte hartuko du besteak beste. Haur, gazte eta maila absolutuko kategoriez gain, korrikalari paralinpikoen proba eta herri lasterketa ere egongo dira. Ordutegi guztiak, albistean irakurgai.

Zornotza kirol klubak, udaleko ordezkariek eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek agerraldia egin dute gaur Zornotzako nazioarteko 66. Kros proba aurkezteko. Urtarrilaren 5ean izango da kirol proba. Goizeko 9:40etan emango zaie hasiera probei, umeen mailako lasterketagaz. 12:30ean emakumezkoen maila absolutuko proba jokatuko da, gero, 13:15ean gizonezkoena hasteko. Orotara, Euskal Herriko eta nazioarteko 600 atletak baino gehiagok hartuko dute parte. 

Lehen mailako proba

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak balioan ipini du kirol probaren garrantzia: “lehen mailako proba da, Europako zirkuitu egonkorrik onenetakoa. Errege bezpera egunean giro polita sortuko da Jauregibarrian”, esan du.

Juanjo Anderez probaren antolatzaileak eta Zornotzako kirol klubaren ordezkariak, gogora ekarri du denentzat irekia egongo den herri lasterketa bat ere egongo dela. Bertan inskribatzeko epea zabalik dago urtarrilaren 1era arte. Kirol klubeko web orrian egin behar da inskripzioa, www.cdzornotza.eus atarian. Bestalde, atleta paralinpikoen probak duen “balio erantsia” azpimarratu, eta Miguel Bilbao kros probaren sortzailea izan zenari ere egin dio gorazarre.

Etxeko eta kanpoko atleten bilgune

Euskal Herriko eta nazioarteko korrikalarien topaleku izango da Zornotza. Besteak beste, hauek dira kategoria absolutuko proban parte hartuko duten atletetako batzuk: Irene Loizate (Durango), Maitane Melero (Nafarroa), Elena Loyo (Zuia, Araba), Hamid Ben Daud (Bizkaia) eta Javier Nagore (Nafarroa) dira euskal herritarretako batzuk. Nazioartekoei dagokienez, Fernando Carro (Madril, Espainiar estatua), Antonio Abadia (Aragoi, Espainiar estatua), Awet Habte (Eritrea), Yemane Haileselassie (Eritrea), Mercy Cherono (Kenia) eta Semirat Mebrahtu (Eritrea) dira bertaratzekoak, besteak beste.

Proben ordutegiak

  • 9:40 Emakumeen infantil-kadete mailako proba
  • 9:50 Gizonezkoen infantil-kadete mailako proba
  • 10:10 Emakumeen alebin maila
  • 10:20 Gizonezkoen alebin maila
  • 10:30 Emakumezkoen jubenil eta junior mailak (sub18-sub20)
  • 10:55 Gizonezkoen jubenil eta junior mailak  (sub18-sub20)
  • 11:30 Atleta paralinpikoen proba
  • 11:50 Herri lasterketa (emakumezkoak eta gizonezkoak)
  • 12:30 Kategoria absolutua (Emakumeak)
  • 13:15 Kategoria absolutua (Gizonezkoak)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!