Zornotza saskibaloi taldea garaipenaren beharrean dago azken postutik irten eta bolada txarrari buelta emateko

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 17a, 11:30

2017an zilarrezko ligatik kanpora gelditu eta gero, 2018an berriro ere maila horretara igotzea lortu zuten Zornotza saskibaloi taldeko kideek.  Hala ere, aurten, 60 urte egin behar dituenean, taldeak oso bolada txarra bizi izan du eta bere egoera ez da batere ona. Azken zazpi partiduetan, Mikel Garitaonandiaren mutilek ez dute batere punturik batu, partidu guztiak galdu dituzte eta. Azken hamaika partiduetatik hamar galdu dituzte zornotzarrek.

Joan zen asteburuan, esaterako, eskualdeko taldeak Basket Navarra taldearen aurka jokatu zuen, Iruñean. Zornotzarrek ezin izan zuten ezer egin, eta nafarrek nagusitasunez lortu zuten garaipena, 85-68.

Sailkapenean azken postuan
Momentu honetan, Zornotza saskibaloi taldea azkenengo postuan dago sailkapen nagusian, CB Marbella taldearengandik, azken aurreko taldearengandik, garaipen batera. Gaur gaurkoz, Garitaonandiaren mutilek maila galtzeko aukera asko dituzten arren, zornotzarrek ez dute dena galduta, eta oraindino ere hainbat jardunaldi dituzte aurretik bolada txarrari buelta eman, garaipenak lortzen hasi eta zulotik irteteko.

Ez dago dena galduta
Zornotzarrek ez dute dena galduta, eta Zilarrezko ligan jarraitzeko aukerak dituzte oraindino. Denboraldia luzea da, eta zornotzarrei 20 jardunaldi gelditzen zaizkie aurtengoa amaitzeko. Gainera, eurek ere badakite gaur sailkapenaren beheko aldean egon zaitezkeela eta bihar zulotik irtenda. Izan ere, zornotzarrak sailkapen buru izan ziren denboraldi hasieran. Beraz, gaur gaurkoz, Garitaonandiaren taldeak 20 partidu dauzka aurretik bolada eskasa iraultzeko.

Asteburu honetan etxean jokatuko duten partiduan aukera aproposa izango dute horretarako. Zornotzarrek zapatuan jokatuko dute, 18:30ean, Sevillako C.B Moron taldearen aurka, Larrean. Sevillarrak bolada eskas batetik datoz. Azken hiru partiduak galdu egin dituzte, eta, beraz, Garitaonandiaren mutilek aukera ezin hobea dute garaipena lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!