Urgozo kiroldegi berriak egitura "multifuntzionala" izango du, kirolaz gaindiko ekintzak egitea ere ahalbidetuko duena

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 19a, 10:50

Guztira 2.000 metro karratuko azpiegitura eskainiko du Zornotzan eraikitzea aurreikusita dagoen kiroldegi berriak. Proiektu "multifuntzionala" izango da, ohiko kirol jardueretarako eremuaz gain, erabilera anitzetako gelak ere izango dituena. Ixerbekoa kiroldegiaren aldean, kirol-kantxen azpiegitura zabalago bat eskainiko du. 

Urgozo kiroldegia eraikiko den lursailaren xehetasunak eztabaidatu dituzte gaur, Zornotzan egindako osoko bilkuran. Udalbatza bukatuta egindako adierazpenetan, Andoni Agirrebeitia alkateak garatzekoa den proiektuaren zehaztasun batzuk aurreratu ditu.

Udal gobernuak, Ixerbekoa kiroldegiagaz izandako eredua errepikatu gura du Urgozogaz. Kiroldegi berria herriaren erdialdean kokatuko denez, "autoen erabilera" gutxitzea itxaroten dute, eta, horretaz gain, herriko kirol zein kultur eragileentzako aterpe izatea ere gura dute. "Inbertsio berri honek norabide zehatz bat du: gastu orokor gutxirekin, errentagarritasun handia" eskainiko duen kiroldegia izango dela azaldu du Agirrebeitiak.

Kirola baino gehiago

Zornotza Saskibaloi Taldeak erabiliko lukeen kirol kantxa berriak 1.000 eserleku inguru izango lituzke. Erabilera anitzetako gelak ere ipiniko dira proiektuan, kirol elkarte zein kultura elkarteentzat erabilgarri egongo direnak. Kirolaz gainera, "beste erabilera batzutarako" espazioa eskaini gura du Urgozok. "Adibidez, kontzertuak egin ahal izateko espazioa ere izan liteke. 2.500 eta 3.000 ikusle sartzea ahalbidetuko lukeen eremua izango da. Enplegu azokak egin ahalko genituzke bertan, baita Merka Merke moduko egitasmoak ere" zehaztu du Agirrebeitiak.

Proiektuaren ezaugarriak eta epeak zehazteko goizegi den arren, Zornotzako udal gobernu taldeak urtarrilean jarraitu gura du proiektua garatzen. Dena ondo bidean, urtarrileko batzordeetan eztabaidatuko dute gaia oposizioagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!