‘Bihotz Bi. Gerrako kronikak’ nobela genero ikuspegitik aztertu dute Otaegik eta Otsagabiak ‘Beste gerrako kronikak’ liburuan

Joseba Derteano 2019ko abe. 18a, 13:38
Xabier Hernandez -ezkerritik lehenengoa- Garazi Otsagabia, Lourdes Otaegi -ezkerretik bigarrena eta laugarrena- udaleko eta Labayruko ordezkariekin.

Zornotzako Santi Onaindia ikerketa bekari esker egindako lana gaur aurkeztu dute.

Orain urte bi Santi Onaindia beka irabazi zuten Lourdes Otaegik eta Garazi Otsagabiak gaur aurkeztu dute beka horri esker landutako liburua: ‘Beste gerrako kronikak’. Honela azaldu du Otaegik liburuaren helburua: “Saizarbitoriaren obran badaude gizartea kezkatzen duten gaiei buruzko hausnarketak. Gerra Zibilaren memoria historikoari buruzko ikerketan sakondu da asko bere nobelagintza, baita gatazkari buruzko ikuspegian ere, baina gure ustez badago bere obran beste gerra baten kronika: gizartean bikote harremanetan sortzen diren gatazka eta konfliktuen ondoriozko sufrimendua. Hain justu beste gerra horretaz hitz egin nahi genuen eta uste genuen genero ikasketen aldetik ekarpenik egin zitekeela bere obra aztertuta”.

‘Bihotz bi. Gerrako kronikak’ nobela “sakonean” aztertu dute, bertan “ideologia matxistak daukan islapen bizia” azaleratzeko. “Nobela hori parodia eran eta sarkasmo erregistroan idatzita dago, baina oso gai serio bati buruz dihardu, genero indarkeriari buruz”, azaldu du Otaegik.

Artearen mintzairak ere “garrantzia” izan du lanean. “Izan ere ‘Bihotz bi. Gerrako kronikak’ liburuan hainbat artelan, abesti eta iragarki agertzen dira. Euren bitartez Saizarbitoriak oso ongi transmititzen du emakumearen sufrimendua eta baita ere senarrak sentitzen duena. Hori ere aztertzen saiatu gara”, azaldu du Otsagabiak.

Aurtengo beka Xabier Hernandezentzat

Aurtengo 12.000 euroko beka Xabier Hernandezek aurkeztutako ‘Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan’ izeneko proiektuak irabazi du. “Helburua da literaturaren munduan dabitzan erakunde eta adituekin literaturaren didaktikaren erronka horien identifikaziorako bide bat ematea, ondoren, horretan oinarrituta, proposamen pedagogiko eta didaktiko bat diseinatzera iristeko. Kontua ez da bakarrik irakurzaleak sustatzea, baizik literaturan gaituak eta trebeak diren sujetuak lortzea. Marko honetan kokatzen da lana”, azaldu du Hernandezek.

Santi Onaindia ikerketa beka Zornotzako Udalaren eta Labayru Institutuaren arteko elkarlanari esker antolatzen da eta aurten 16. aldia egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!