Alex De Pedro argazkilari zornotzarra Munduko Argazkien Txapelketarako sailkatu da

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 17a, 12:36

Zornotzarraren argazkiak mundu osoko beste 700 argazkigaz batera lehiatuko du. Kanporaketak, urtarrilean hasiko dira

Mundu osoko 43 herrialderen artean eta 700 irudiren artean, zornotzar baten izena ageri da: Alex De Pedro argazkilariarena. 2020ko World Photographic Cup delako txapelketan sailkatua izan da, hau da, 2020ko Munduko Argazkien Txapelketan. Argazkilari onenen pare dago, eta onenegaz lehiatuko da urtea hasteagaz batera. "Telefonoz eman zidaten albistea", dio De Pedrok. "Aizu, nominatuta zaude!, esan zidaten. Benetan pozik hartu nuen berria. Zure lana, azken finean gustuko duzun hori ere badena, baloratzen dela ikustea eta zure inguruko jendeagaz partekatzea itzela da", azaldu du argazkilari zornotzarrak. "Ez dut ezer irabazi, baina onenen artean egotea, hori sari handia da dagoeneko".

Txapelketan parte hartzen duen herrialde bakoitzak, bere hautagaitza propioa aurkeztu ohi du lehiaketara. De Pedrok espainiar estatuko taldeagaz lehiatuko du, hango beste hamalaugaz batera. Iaz Australiak irabazi zuen lehiaketa, baina Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko ere, faboritoenen artean kokatuta daude. 

Bizikleta baten argazkia

Txapelketan hainbat kategoria daude. Natura, Erreportaje grafikoa, Ezkontza, Arte ilustratiboa, Erretratua edo Komertziala dira horietako batzuk. Azken kategoria horretan lehiatuko da De Pedro, eta bizikleta baten kate-sistema agertuko du bere argazkiak. "Bizikletak eskuz egiten dituen pertsona bat ezagutzen dut, eta sarri egin izan dizkiot argazkiak", azaldu du.

Familiako ohitura

Etxetik datorkio Alex De Pedrori argazkilaritzarako joera. Irudia aukeratu, fokatu eta klikatzeko harra hori Jesus De Pedro aitak sartu zion txikitan, eta irakatsitako hark eman du fruiturik. "Aita ere lehiatu da noizbait Munduko Argazkien Txapelketan. 2017an lehiatu zen, eta mundu osoko hamar onenen artean sailkatu zen.

Finala, Erroman

Urtarrilean kategoria bakoitzeko hamar argazkirik onenak zeintzuk izango diren jakinaraziko dute. De Pedrok lehendabiziko langa hori gainditzea lortuko balu, Erroman (Italia) luke hurrengo hitzordua. Bertan ospatuko dute gala nagusia eta bertan jakinaraziko dira irabazleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!