“16-17 urte nituela sartu zen Leonard Cohenen musika nire etxean, eta ordutik ez du irten”

Ekaitz Herrera 2019ko abe. 7a, 15:30

Leonard Cohen zenaren kantuak oinarri hartuta, Mikel Urdangarin musikari zornotzarrak 'Hotza da NY is cold' zuzeneko diskoa argitaratu du. Zart kolektiboagaz argitaratutako lana da, eta haren erakusmahaian egongo da eskuragarri.

Zergatik erabaki duzu Leonard Cohenen kantuak oinarri dituen zuzeneko disko bat argitaratzea?
Nire abeslaririk kutunenetariko bat delako. Hau guztia Izar and star zikloan hasi zen. Kutuna nuen abeslariren baten bertsioak egin eta kontzertua emateko gonbidatu ninduten ziklo hartara, 2016an. Donostian eta Bilbon eman nituen kontzertuak, eta Bilbokoa grabatu egin genuen. Hori da, funtsean, diskoa.

Zure konposizio propioetan ere eragin al du Leonard Cohenek?
Esango nuke gustuko dugun guztiak eragiten digula. Gogoan dut 16-17 urte nituenean aitak Cohenen binilo bat oparitu zidala. Disko hark nerabezaro mugitu horretan harrapatu ninduen. Etxera sartu zen, nigan sartu zen, eta harrezkero ez du irten. Binilo horren guztia hartu eta xurgatu nuen.

Eragin al dizu beldurrik edo presiorik beste artista baten kantuen bertsioak egiteak?
Sentitu nuen presioa, bai kantuen aukeraketa egiterakoan, eta baita grabaketa egiterakoan ere. 2016ko urrian grabatu genuen zuzeneko hura, eta, gerora, diskoa alde batera geratu zen, umezurtz. Gerora etorri dira Margolaria proiektua eta abar. Cohenen diskoetxearen baimenak ere behar ziren hau egiteko, eta horrela egon da denbora luzez, gordeta moduan, orain atera dugun arte.

Zer moduz geratu zara diskoaren emaitzagaz?
Karta bakarragaz jokatu genuen zuzeneko grabaketa, eta ondo irten zen. Musikalki disko aberatsa da. Iruditzen zait gau inspiratua izan genuela. Musikariak oso fin dabiltza. Gerora, grabaketaren ondoren, Alison Keable kantariaren ahotsa sartu dugu.

Aurrerantzean, zuzenean gozatuko dugu 'Hotza da NY is cold' lan berriaz?
Ez dut kontzerturik aurreikusita. Omenaldi moduko bat izan zen, eta horretan geratuko da. Aurrera begira, beste ideia batzuk ditut buruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!