28 taldetako 400 bat umek parte hartuko dute Amorebieta-Etxano Cup torneoan

Joseba Derteano 2019ko abe. 2a, 14:13
Serafin Loroño Lointek-eko ordezkaria, Jon Larrea Amorebieta klubeko presidentea eta Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea gaurko aurkezpenean.

Abenduaren 6an eta 7an izango da, Zornotzako Txolon futbol zelaian.

2008an jaiotako gazteen Futbol 7 torneoak 17. aldia egingo du aurten. Maila handiko nazioarteko taldeekin antolatzen den Euskal Herriko torneo bakarrenetakoa da. Girondins Bordeaux, Porto, PSV Eindhoven, Atletico de Madrid eta Sevilla taldeak etorriko dira, besteak beste. Durangaldeko hainbatek ere parte hartuko dute: S.D. Amorebieta, Gertasport, Lauaxeta Ikastola, Karmengo Ama, Larrea Eskola eta Berriz futbol kluba.

Abenduaren 6an jardunaldu bi izango dira. Goizean, multzo bitako zortzi talde lehiatuko dira eta arratsaldean beste hainbeste. Irabazleek domeka goizean jokatuko dute euren arteko finala. Irabazleak torneoko talderik indartsuenekin lehiatzeko aukera izango du.

Goi mailako euskal taldeen artean Real Sociedad, Eibar, Alaves eta Osasuna etorriko dira. Athletic, ohiko kluba aurreko aldietan, ez da aurten etorriko. Futbol 11 lehenesten dutela eta futbol 7ko torneoetan ez parte hartzea erabaki dutela argitu du Jon Larrea Amorebieta futbol klubeko presidenteak. “Pena da, baina euren erabakia da eta errespetatzen dugu”, azaldu du.

Torneoko partidu denetako ordutegia Amoorebieta klubeko webgunean jarriko dute. Zapatuko partiduak klubeko youtube kanalean zuzenean eskainiko dituzte ahalik jende gehienarengana heltzeko.

Aurten babesle berria aurkitu dute torneorako: Lointek. Babesle berriari zein gainerakoei eskerrak eman dizkiete Larreak eta Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak, gaur udaletxean egindako aurkezpenean.

Antolatzaileek, ahal dela, Txolonera oinez joateko eskatu dute, hango aparkalekuak autobusentzako erabiliko dituztelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!