Zaintzako langileak erdigunera atera dituzte Zornotzako mahainguruan

Joseba Derteano 2019ko aza. 25a, 09:03

Zornotzako M8 plataformak zaintza sektoreko langileen mahai-ingurua antolatu zuen asteburuan Zelaieta Zentroan.

Sektore horretan jarduten duten protagonistak batu zituzten: Etxeko langileen partaide den Isabel Otxoa, erresidentzietako Alaine Fernandez, Ana Ozamiz, eta Maribi Ardanza langileak eta Torre de Babel elkarteko Ana Lidia.

Plataformak adierazi zuenez, pasa den martxoaren 8an ardatz garrantzitsu bat izan zen zaintza, eta orduan erabaki zuten ez zirela soilik data bati begira lanean arituko. "Garai gogorrak datoz, eta horrekin batera emakumeen aurkako indarkeria ere bai, eta zaintza prekarizatzea emakumeenganako indarkeria da", adierazi zuten. Egoera honen aurrean instituzioek eta gizarteak egoeraren ardura hartzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten.

Urte eta hiru hilabete joan dira Ana Lidia Guatemalatik Euskal Herrira iritsi zenetik. Ordutik, adineko pertsonen zaintzan jardun izan du 600 euroren truke. "Nik banekien 600 euroko soldata eskasa zela, baina, behar izanak onartzera behartu ninduen", azaldu zuen. Bere lanari dagokionez, zazpi eguneko lan aldian aritzen zen: “Emakumea esnatu, dutxatu, janaria egin, etxea garbitu…dena egin behar nuen”. Eguneroko lan ordu luzeen ondorioz, bere egin behar pertsonalak familiako beste kide baten esku utzi behar izaten zituela azaldu du. Egoera horretan, ehun euroko gehigarri bat eskatu zuen, baina ez zioten gehigarririk onartu. Horren ostean lana uztearen erabakia hartu zuen: “Lan duin bat bilatu nahi dut, nire eskubidea da!”.

Isabel Otxoa etxeko langileen zapalkuntza sistematikoaz eta estrukturalaz aritu zen. Zaintza langileak etorkinak direla pentsatzea "topiko bat" dela adierazi zuen, baita esplotazioaren erantzule bakarra etorkinen legea dela pentsatzea ere. Zaintza lanetan arrazismoaren zapalkuntzari klase zapalkuntza ere gehitzen zaiola nabarmendu zuen Otxoak, eta prekarietateak "dena" barnebiltzen duela, "alargun izatetik dator, seme alabak izatetik dator…Etxeko lana ez litzateke existitu beharko, etorkizunik gabeko lanbidea baita".

Erresidentziako langileek grebaren eta honek ekarritako lorpenen berri eman zuten. Zaintza lanen nondik norakoak ere azaldu zituzten: "Badirudi zaintzaren lanak berez egiten direla, ez da hain argi ikusten horren atzean nor dagoen. Egin egiten da, baina ez da jakiten nola". Berezkoak diren lan horiek "presaka" eta "atzera kontu batekin" egiten direla aitortu zuten. Beraien ogibidearen kasuan eskubide eta maitasunaren talka bat gertatzen dela adierazi zuten: "Lan egiten dugun pertsonei aprezioa hartzen diegu, eta maitasun horren talkan gure eskubide urraketak agertzen dira".

Fokua Zornotzan jarriz, zaintzen beharra duten Zornotzako familien parte hartzean dependentzi legearen tranpak eta udalak egindako murrizketa handiak salatu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!