Herritarren parte hartzeagaz egindako eskarietako batzuk islatzen dituzte Zornotzako aurrekontuek

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 22a, 13:27

2020rako aurrekontuak onartu ditu Zornotzako Udalak. Guztira, 30.100.000 euro baino gehiago izango ditu, iaz baino %4,19 gehiago. Helburu nagusiak "gizarte kohesioa, enplegua eta ekonomiaren garapena eta jasangarritasuna" dira, gobernu taldearen esanetan. Oposizioan dauden EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dituzte aurrekontuak babestu. "Ez dira guk gurako genituzkeen aurrekontuak" esan du Ander Uriarte EH Bilduko bozeramaileak.

Ixer kalearen inguruko urbanizazio lanak, Legarrebi auzokoak, Karmen kalean ipintzekoak diren igogailua eta herriko kirol instalazioetan egingo diren hobekuntzak dira udalak 2020an garatuko dituen proiektu nagusietako batzuk. Inbertsioei dagokien atala %8 handitu ditu Zornotzako Udalak helburu horietarako.

Hiritartasunaren arloak hartuko du aurrekontuaren zatirik handiena, %48,02. Bertan ekintza sozialerako partidak, kirol arlokoak, euskara politikari zuzendutakoak edo enpleguaren eta ekonomiaren promozioari buruzko partidak egongo dira.

Lurraldeari lotutako eremuak beste zati inportante bat izango du, aurrekontu osoaren %38,49. Bertan sartuko dira urbanizazio lan nagusiak, eta, baita saneamendua eta mantenu lanak ere.

Parte hartzea islatzen duten proiektuetako batzuk

Osoko bilkura amaituta egindako adierazpenetan, Andoni Agirrebeitia alkateak aipamen berezia egin dio herritarrek aurrekontuen diseinuan izandako parte hartzeari. Dioenez, horietako batzuk "islatuta" gelditu dira datorren urteko egitasmoetan. Hain zuzen, zornotzarren eskarietatik irtendako proiektuetako batzuk hauek izango dira: Karmen kalean irisgarritasuna hobetzeko igogailua ipintzea, Konbenio kaleko lanak, Dudogoitia auzora doan ur-hornidura hobetzea, edo Etxanon aldagelak eta komun publikoak ipintzea.

"Ez dira guk gurako genituzkeen aurrekontuak"

Aurrekontuak lantzerako unean gobernu taldeak izandako jarrera eskertu du EH Bilduko Ander Uriartek, baina azaldu duenez, "ez dira" EH Bilduk "gurako lituzkeen aurrekontuak". Aurrekontuen aurka egin du EH Bilduk, eta jarrera bera hartu du Elkarrekin Podemoseko Alba Gutierrez zinegotziak ere. "Guk egindako proposamenetako batzuk onartu dira, beste batzuk aztertuko direla esan digute, eta, beste batzuk, ez dira ezta ikusi ere egin", azaldu du Uriartek. 

Koalizio abertzalearen proposamenetako batzuk Emakumeen etxea sortzea, Kontsumitzailearen bulego bat ipintzea, energia berriztagarrien erabilera aztertuko duen txostena egitea, Tantorta auzoaren urbanizazioa garatzea, Gaztegune autogestionatu bat zabaltzea eta ekitaldietan erabiltzeko karpa bat erostea izan dira. Lursailak erostearen aldeko proposamena egin du EH Bilduk, hartara, "aisialdi gune bat egiteko". Asmo horrek, bai, izan du isla aurrekontuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!