“Asistentzialismoaren aurrean, elkartasuna lantzen dugu; familiak autonomo izatea da helburua”

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 22a, 09:20

Etxeko txirrina jo eta gutxira zabaldu du atea Fortunak. "Kaferik gura duzue?", galderagaz egin die ongietorria Harrera Taldeko kideei. Beheko solairuko etxean ere, gauza bera. "Kaferik bai?". Lau familien abegikortasuna eta Harrera Taldeko kideen gertutasuna begi-bistakoak dira. Igartzen da haien arteko konplizitatea eta konfiantza giroa.

Elkarlan hori, baina, orain hile batzuk hasitako hartu-emanaren fruitu da. Euren jaioterritik alde egitera behartutako hiru familiak bat egin dute Zornotzan. Bertan hasi dira bizitzen. Eta, aurrerantzean, bertan hasi gura dute bizimodu berri bat eraikitzen. Aterpea Harrera taldearen eskutik etorri da. Zornotzako herri mugimenduak Luis Urrengoetxea kalean okupatuta dituen etxebizitza bi ipini ditu familia berrien eskura, eta haiei behar duten guztian laguntzeko ahaleginak egiten ditu Harrera Taldeak. Talde horretako kideetariko batzuk dira Irati Aiesta, Ekaitz Aldana eta Olatz Talavera.

Orain urte bi eratu zuten Harrera Taldea, hain justu, munduko hainbat herritar Euskal Herrira aterpe bila etortzen hasi ziren garaian. "Etortzen zirenen profila aldatzen ari zela ikusten genuen. Umeak zituzten familia asko hasi ziren gure herrira etortzen. Emakume asko haurdun zeudela. Egoera zaurgarrian zeudela. Eta, horregatik, Bizkaia osoan saretzen hasi zen mugimenduan gure ekarpena egiten hasi ginen. Nagusiki, familiei laguntzeko mugimendua da gurea", dio Talaverak.

Familiak, erdigunean
Instituzioek gai honetan duten prestutasun falta betetzeko ahaleginak egiten ditu Zornotzako Harrera Taldeak. "Errealitatea da instituzioak ez daudela prest familiei erantzuteko. Aterpetxeekin gertatzen dena da familia unitateak apurtu egiten direla. Gizonezkoak gizonezkoen aldera joaten dira lo egitera. Emakumezkoak emakumezkoen aldera. Eta umeak guraso bien artean banatzea dakar horrek", azaldu du Talaverak. Ondorioz, familia apurketa horiek umearen etorkizuna arriskuan ipini dezaketela diote. Familien eskuetatik Foru Aldundiaren eskuetara pasatzeko arriskua legoke.

"Instalazio horiek ez daude familien egunerokotasunerako pentsatuta. Sartu eta irteteko ordutegiak daude. Ez dago espazio komunik umeekin jolasteko. Familiek beste beharrizan batzuk dituzten erabiltzaileekin partekatu behar izaten dute eremua", dio Aiestak. Eta horretan sakondu du Aldanak ere: "Azken finean, familiek hor egoteko duten arrazoi bakarra pobrezia da. Baina pobrezia ezin da familiak apurtzeko arrazoia izan".

Familien autonomia helburu
Harrera Taldeak instituzioetatik  aparte sortu du bere babes sarea. "Zelanbait esateko, asistentzialismotik ihes egin, eta horren aurrean elkartasuna lantzen dugu. Familiei baliabideak eskaintzea da helburua, gero, haiek, modu autonomoan funtzionatu dezaten", dio Aldanak. Ildo beretik egin du berba Aiestak: "Lehen, medikuarenera joaten laguntzen genien. Orain, bakarrik joaten dira. Ahalegintzen gara haiek autonomo izan daitezen laguntzen". "Bizitzako uneren batean, denok dugu laguntasuna jasotzeko beharrizana", azpimarratu du Talaverak.

Egunerokotasuna
Fortunaren zaparroetariko bat zirikatu du Aldanak. Olgetan hasi dira. Sofa gainean bueltaka ibili dira, barreka hasi arte. Gero, erosketa zerrenda txukuntzen hasi da Fortunagaz. "Ostras! Egia! Aurreko erosketan xaboia erostea ahaztu zitzaigun. Lasai, bihar ekarriko dizuegu xaboia", adostu dute. Ertz asko ditu eskaintzen duten laguntasunak. Izan daiteke laguntza juridikoa, hizkuntzari lotutakoa, edo egunerokotasunari lotutakoa.

Udala ere mugitu da
Harrera Taldearen lanak instituzioak mugitzen hastea ere ekarri du. Joan zen irailean, ordura arte indarrean zegoen erroldatze araudia aldatzea eskatu zion Harrera Taldeak udalari. Hainbat kidek eta familiak osoko bilkurara jo zuten, eta indarrean zegoen araudiak legea "urratzen" zuela azaldu zuten. Andoni Agirrebeitia alkateak gaia aztertzeko borondatea agertu zuen egun hartan bertan. Harrera Taldearen eskari hark utzi du aztarna; izan ere, udalak erroldatzeko araudia aldatu du, eta, orain, hiru familiak herrian erroldatuta daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!