“Argi dut hau ez dudala nigatik egin, euskaraz bizi gura dutenen eta bizi gura dugunon alde baino"

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 4a, 10:41

Zornotzan 28 urte beharrean daramatzan udaltzain batek urte askoan eman du hizkuntza urraketen berri, eta, azkenean, Arartekora jo du. Udal berriaren partetik kontuak hobetzeko borondatea dagoela dio.

Zergatik erabaki zenuen Arartekora jotzea?
Nagusiki, gugana etorri eta salaketa bat euskaraz ipini gura izan duten herritarren hizkuntza eskubideak urratu direlako. Adibidez, gertatu zaigu udaltzain batek edozein salaketa euskaraz jasotzea, eta, gero, salaketa horri jarraipena gaztelaniaz egitea. Bestalde, barne mailan, udaltzaingoaren funtzionamenduan ere badira kontu gehiago. Administrazioak lan tresna asko gaztelaniaz ematen ditu (inprimakiak, udaltzainok darabilgun sistema informatikoa,...) Zer dela-eta ez ditu horiek euskaraz ere ematen?  Herritarrak eurak ere kexatu izan zaizkigu. Euskararen erabilera plan bat dago indarrean. Hor jasotakoa baino ez dut hartu oinarritzat. Ez dut ezer ere asmatu.

Noiz kexatu zinen Arartekoan?
Urtarrilean jo nuen Arartekora, baina kontua atzeragotik dator. 2015eko otsaileko udalbatzan kexatu egin nintzen. Testu bat irakurri nuen bertan. Inprimaki guztiak gaztelaniaz zeudela nioen. Urte askoan eman dut urraketen berri, eta, azkenean, urte hasieran Arartekora jotzea erabaki nuen. Hau, beraz, ez da egun batetik besterako erabakia izan.

Arartekoak arrazoia eman dizu zure kexetako askotan.
Puntu guztietan eman dit arrazoia. Eta, orain, udala beharrean dabil puntu horiei konponbidea emateko. Aitortu behar dut aldaketak egiten ari direla. Igarri dut gauzak mugitzen hasita daudela udalean, eta badagoela horretarako borondatea ere. Itxaropentsu nago, baina adi ere bai.

Zure lanpostuko urraketa baten berri eman duzu. Baduzu ausardiaz jokatu izanaren sentipenik?
28 urtean pauso asko eman ditut eta hau beste bat izan da. Dena dela, argi dut hau ez dudala nigatik egin, euskaraz bizi gura dutenen eta bizi gura dugunon alde baino. Herritarrak ere datozela gugana euskaraz. Guk euskaraz emango diegu zerbitzua.

Arartekoak dioenez, udalak konponbide "eredugarria" eman dio arazoari

Udaltzainari arrazoia emateaz gainera, Arartekoak txalotu egin du Zornotzako Udalak arazoari eman dion erantzuna. Eskubide urraketak saihesteko, 6 puntuko protokoloa ipini du martxan. Besteak beste, paisaia linguistikoari eta herritarrenganako harrera hizkuntzari buruzko arauak azaltzen dira. Lan tresnak (aplikazio informatikoa eta inprimakiak) ere euskaratzen ari dira. "Arrazoizko kexak dira. Urak, baina, hasita daude bere bidera itzultzen", diote udaleko Euskara Sailetik. 

Zenbait hedabidetan agertutako informazioa "neurritik kanpokoa" izan dela diote alde biek. Horietariko zenbaitetan adierazi da udaltzainburuak euskara ez jakiteagatik jo zuela udaltzainak Arartekora. Azken honek argi utzi du salaketa ez zela inoren aurkakoa izan, eta ez zuela udaltzainburuarengan oinarritu. Aurreko urteetan ez bezala, gaur egungo Zornotzako udaltzainburua euskalduna da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!