Prezio publikoak %1 igoko dira Zornotzan datorren urtean

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 23a, 12:38

Igoerak kirol eta kultura zerbitzuei eragingo die gehienbat. Ezkontza eta hileta zibilak 60 euro ordaindu beharko dira datorren urtetik aurrera

Prezio publikoak eguneratu eta  %1 igotzea onartu du Zornotzako udalak. Igoerak, nagusiki, kirol eta kultura zerbitzuetan izango du isla, eta udalak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuei ere eragingo die. Eguneratzeak berritasun bat dakar: ezkontza eta hileta zibilak egiteagatik 60 euro ordaindu beharko dira 2020tik aurrera. PSE-EEk proposatu du neurria eta gobernu taldeak babestu du. Prezio publikoak eguneratzea begi onez ikusi du oposizioak, baina ez da tasari dagokion puntu horretan ados agertu. EH Bilduren eta Hiri Ekimenaren  esanetan, ezkontza lanak egiten dituzten zinegotzien lana boluntarioa da eta zerbitzuari berari ez diote kostu gehigarririk ikusten. Andoni Agirrebeitia alkateak argitu du prezioa "inguruko herrien aldean merkeenetarikoa dela".

Katalunia eta pentsioak

EAJk, EH Bilduk eta Hiri Ekimenak Kataluniako epaian zigortutakoak askatzeko eskatu dute, eta adierazi dute epaia "bidegabea" dela. Pentisodunen aldarrikapenak ere babestu dituzte baina desadostasunak izan dituzte  1.200 euroko soldata minimoari dagokionez. Lorpenak errealitatera doituak izan behar direla defendatu dute jeltzaleek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!