Mugimendu feminista Durangaldean

Elkarte batzuek desagertzera jotzen duten arren, berriak indartsu datoz Zornotzan

Ekaitz Herrera

Udaleko berdintasun arloak eskaintzen dituen zerbitzuez gainera, izaera markatua duten elkarteek osatzen dute Zornotzako mugimendu feministaren mapa. 

Izaera nagusi bi ageri dira: hamarkada luzez iraun duten emakume taldeak daude batetik, adinez nagusiago direnak, eta, bestetik, belaunaldi gazteagoen ikuspegi gaurkotuak ere ageri dira. Bidean gelditutako taldeak ere badira. Zornotzako alargunen elkartea orain hainbat urte desegin zen.

Matxismoaren aldaera guztiak azaleratzen

Zornotzako Talde Feminista 

• Sorrera urtea: 2016

• Helburu nagusiak: Autodefentsa feministan oinarri hartuta, herriko arlo askotan ikuspegi feminista txertatzeko sareak sortzea. Herriko Martxoak 8 Plataformagaz harremana dute.

• Ekintzak: Sorginen gaua antolatzea, jaietako batzordean eragitea, indarkeria matxistak dituen aldaerak ikusarazi eta salatzea. Azaroaren 25eko ekitaldiak antolatzea. Hitzaldiak antolatzea.

• Partaide kopurua: 15

• Kontaktua: zornotzakotaldefeminista@gmail.com eta Zornotzako Talde Feminista (Facebook) 

Irakurketa politikoa baino gehiago

Martxoak 8 plataforma

• Sorrera urtea: 2018

• Helburu nagusiak: Martxoaren 8ko eguneko ekitaldiak antolatzea eta Euskal Herriko mugimendu feministak markatutako bost ardatz nagusiak herrian lantzea.

• Izaera: talde heterogeneoa. Askotariko adin-tarte, ezaugarri eta jatorri batzen dituen plataforma. Feminismoa kontzeptu politiko modura ulertzen duten herritarrak eta aldarrikapenerako toki bat dela ikusten dutenak barnebiltzen ditu.

• Kontaktua: m8zornotza@gmail.com

 

Zailtasunei aurre egiteko, integrazioa 

Tawasol elkartea

• Sorrera urtea: 2016

• Helburu nagusia: Emakume musulmanen artean kulturen arteko integrazioa sustatzea. 'Tawasol' berbak, hain zuzen ere, horixe esan gura du arabieraz: integrazioa.

• Ekintzak: Uneotan, umeentzako arabiera eskolak. Laster, emakumeentzat gaztelania eta arabiera eskolak eman gura dituzte. Horretarako boluntario bila dabiltza. Zornotzar guztientzat ramadam amaierako jaia ere antolatzen dute.

• Partaide kopurua: 12 inguru

• Kontaktua: tawasolzornotza@gmail.com

Talde beteranoa, beteranoen taldea

Udale elkartea

• Sorrera urtea: 1990

• Izaera: Ikasketa akademikorik ez zuten emakumeek sortutako taldea. Gaur egun, ekintza kulturalak eskaintzen dituen elkarte izaera du. 60 urtetik gorako emakumeek osatzen dute.

• Ekintzak: Jakintza kultural orokorrekoak: Zine forumak, psikologiari lotutako hitzaldiak, bidaiak, pintura tailerrak eta bisitaldi kulturalak.

• Partaide kopurua: 250 inguru

• Bilera maiztasuna: eguaztenero, 16:00etatik 18:00etara.

• Kontaktua: Talde beteranoa denez, ez dute kide berririk sartzerik aurreikusten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!