Zornotzarrak Zornotzari kantuka ariko dira domekan, ‘Kantuz kantu’ izeneko kontzertuan

Joseba Derteano 2019ko urr. 17a, 12:40
David Murillo, Onintze Garcia eta Luciano Martinez gaurko aurkezpen ekitaldian.

Zornotza eta zornotzarrak protagonista dituzten abestiekin, kontzertua eskainiko dute herriko hainbat musikarik Zornotza Aretoan.

Zornotza Aretoa ‘Kantuz kantu’ izeneko musika jaialdi baten lekuko izango da domekan, 12:00etatik aurrera. Herriko hainbat musikari, talde edo koro igoko dira oholtzara. Bakoitzak abesti bat eskainiko du. Kantu guztiak edo zornotzarrek egindakoak dira edo Zornotzari eta euren herritarrei buruzkoak dira. “Zornotzako hurbileko eta ez hain hurbileko historia ezagutzera ematea da helburua”, adierazi du Luciano Martinez kultura eta kirol arloko zinegotziak gaurko aurkezpenean.

Herrian ikusmina eragin duen kontzertua da eta sarrera guztiak agortuta daudela aurreratu dute. Honako abeslari eta taldeak igoko dira eszenatokira: Mikel Urdangarin, Onintze, Blanco y en Botella, Eztandap, Kitto, Patxi Gonzalez, Coral Zornoza, Xuxurlariak, Joseba eta Iñaki trikitilariak, Abes-Kimu, Zornotzako Musika Banda eta Alaiak. Guztira, 150 bat lagun dira. Patxi Gonzalez izango da zuzendaria eta Beñat Egiarte musikariaren laguntza izango du.

Abestiak disko batean jaso dituzte

Kontzertuan entzun ahalko diren abestiak ‘Amorebieta-Etxano Kantuz kantu’ izeneko diskoan jaso dituzte. Zornotza Aretoan ariko diren musikariek eurek grabatu dituzte ahotsak. Abestiak www.ametx.eus webgunean ere eskegiko dituzte. Bertan entzun zein deskargatu ahalko dira.

Abestietako bat Onintze Garcia eta Mikel Urdangarin zornotzarrek elkarrekin grabatu dutena da. 1915ean sortutako kantuak neska eta mutil baten arteko maitemintze prozesuari buruz berba egiten du. “Oso gustora egindako grabaketa izan da. Mikelek eta biok ahotsak batera grabatu genituen. Mikrofonoak bata bestearen ondoan jarri eta elkarren arteko elkarrizketa baten modukoa izan zen. Diskoan entzuten den moduan grabatu ziren ahotsak”, adierazi du Onintze Garciak.

Ekimen hau Gerediaga elkarteak antolatutako Europako Ondare Jardunaldien barruan kokatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!