Zornotzako Mangamore jaialdiak prest du aurtengo egitaraua

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 3a, 17:48

Manga eta Japoniako kultura gustuko duten guztiek, galdu ezinezko hitzordua dute Zornotzan. Urriaren 11tik 13ra arte ospatuko da Mangamore jaialdiaren XIII. edizioa. Cosplay, bideo-joko, tailer eta musika emanaldiez gain, aurten, Pokemon munduan espezializatutako Folagor youtuberra eta Myth and Roid musika talde japoniarra izango dira protagonista. Egitarau osoa, www.mangamore.eus web orrian dago ikusgai.

Folagor youtuberrak 4.000.000 jarraitzaile baino gehiago ditu interneten eta Pokemon izakiei buruzko bideoak egin ohi ditu ("Folagor03" izena darabil Youtuben). Zapatuan, 13:00etan "fan meeting"  hitzaldi bat eskainiko du zaleen artean, Amorebieta IV frontoian.

Kontzertuen artean Myth and Roid bikotearen kontzertua dago. Anime filmen hainbat soinu banda egin ditu taldeak. Zapatuan izango da ikuskizuna, Amorebieta IV frontoian, iluntzeko 20:00etan.

Gainontzean, cosplay lehiaketak, karaokea, ekialdeko kirolen erakustaldia, umeentzako jolasak, edo bideo-joko txapelketak egitea ere badago aurreikusia. Japoniako janaria dastatzeko aukera ere izango dute zornotzarrek, Zelaieta parkean jarriko duten gune gastronomikoan.

Informazio guztia www.mangamore.eus atarian dago kontsultagarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!