Pikete talde bateko 30 langile inguru identifikatu ditu Ertzaintzak Zornotzan

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 2a, 17:30
Ertzaintzako agente bat, atzo, Zornotzan egindako manifestazioan.

Boroako industrialdean izan dira identifikazioak, goizeko 8:00ak aldera. LAB sindikatuak Ertzaintzaren "bortizkeria" salatu eta "karga poliziala, katxeoak eta mehatxuak" egon direla adierazi du. Ertzaintzako iturrien arabera, kargarik ez da egon, eta, antza, langileetako batek agente bat kolpatu du.

Ertzaintza "langileak jipoitzera" bidali izana leporatu dio Durangaldeko LAB sindikatuak EAJri. "Herritarren lan baldintza eta bizi baldintzen alde egon beharrean, patronalaren alde, herritarren eskubideak zapaltzen dituztenen alboan lerrokatu da", azaldu du sindikatuak ohar batean. 

Karga polizialari dagokionez, baina, gauzak ez daude argi. LAB sindikatuak karga poliziala egon dela dio. Ertzaintzak, aldiz, esan du ez dela karga polizialik egon. "Dei bat jaso dugu. Industrialdeko auto batzuetan kalteak eragin direla eta enpresaren batera objektuak jaurti dituztela esan digute. Pikete taldeko langileetako batek agente bat kolpatu du, eta hainbat identifikazio egin dira gero", adierazi du Ertzaintzaren prentsa zerbitzuak.

Aurreko egunetan baino jarraipen handiagoa

Durangaldeko LAB sindikatuaren arabera, eguazteneko greba egun hau, astelehenekoa eta martitzenekoa baino jendetsuagoa izan da. %90 inguruan kokatu dute parte hartzea eta azaldu dute "eskualdeko enpresa handi eta ertain gehienek" gelditu egin dutela ekoizpena.

Sindikatuak mobilizazioegaz segituko duela adierazteaz gain, eskertu egin ditu pentsiodunak, Eragin eta Harro! plataformak, mugimendu feminista, ikasle eta gazte mugimenduak, eta norbanako herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!