[BIDEOA] Metalgintzako milaka langilek Zornotzako kaleak zeharkatu dituzte

Ekaitz Herrera 2019ko urr. 1a, 13:35

Durangaldeko behargin eta sindikatuez gain, Lea-Artibaikoak, Busturialdekoak eta Arratiakoak batu dira Zornotzan. Bizkaiko mobilizazioa berritzeko grebak hasi zituztenetik, zazpigarren eguna dute honakoa. 3.500-4.000 manifestari batu dira sindikatuen arabera. Ertzaintzak "3.000 inguru" batu direla dio.

"Gure hitzarmena, gure borroka!", edo "Hemen gaude, hitzarmenaren alde!" bezalako oihuez lagunduta, Zornotzako kaleak zeharkatu dituzte metalgintzako langile eta sindikatuek. Atzo berrekin zieten Bizkaiko hitzarmena eguneratzeko mobilizazioei eta barikura arte luzatuko dira.

LAB sindkatuaren Durangaldeko industria arduraduna da Oihane Torres. Grebak izaten ari diren jarraipena "oso ona" dela adierazi du: "Zazpigarren eguna da gaurkoa eta %90 inguruan kokatzen dugu grebaren jarraipena". 

Manifestarien artean, izan da baita ere, Luis Mouliaa, CCOO sindikatuaren Bizkaiko industria arduraduna eta Ertzaintzaren jarrera "bortitza" salatu du. "Informatiboak ziren piketeak identifikatu dituzte modu prebentiboan, oraindik ezer egin gabe zeudela". 

Urkulluren dimisioa

Urkullu lehendakariak patronalaren gertuko jarrera agertu zuen atzo eta adierazi zuen greba ez zuela bere egiten. Horren ondoren, haren dimisioa eskatu zuen LAB sindikatuak. Torresen arabera, "eskandalua" da Urkulluren jarrera.  55.000-60.000 langileren etorkizuna dago jokoan, ikusten ari gara prekarietatea, aldi-baterako kontratazioa, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala,... adierazpen horiek egitea eskandalua da". Hitzarmena berritzea lortu arte, mobilizazioek etenik ez dutela izango azaldu dute sindikatuek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!