Ixer kaleko urbanizazioa egokituko dute Zornotzan

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 27a, 15:07

Oinezkoentzako gune zabalagoak eta landaredia gehiago jarriko dituzte Ixer kalearen inguruetan. Gane kiroldegiko igerilekuetan ere hobekuntzak egingo dituzte. Umeei eskainitako gunea tamainaz hirukoiztu, eta hainbat ur-txirrista zein jolas jarriko dira. Lanak urte hasieran abiatzea gura dute 

Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan, Zornotzan "urbanizatzea falta zen auzorik garrantzitsuena" da Ixer kaleko ingurua. Proiektu berriari buruzko xehetasunak eman ditu udalbatzaren ostean egindako adierazpenetan. Besteak beste, oinezkoentzako gunea handituko dute, landaredia gehiago erantsi, eta zirkulazioan ere zenbait aldaketa egingo dituzte. Proiektuak EAJ, PSE-EE eta Ahal Duguren babesa jaso du. EH Bilduk abstentziora jo du, proiektuagaz "zalantzak" dituztela adierazita. "Alde onak ikusten dizkiogu proiektuari, baina bizilagunen kexa batzuk ere iritsi zaizkigu. Aparkaleku kopurua murriztuko ote den kezka dute eta irtenbide bat eskatzen dute", azaldu du Ander Uriartek. Lanek 1.300.000 euro inguruko aurrekontua izango dute.

Umeentzako igerilekuetan, berrikuntzak

Gane kiroldegiko igerilekuetan ere hobekuntzak egitea onartu du udalak. Umeei eskainitako eremua hirukoiztu egingo dutela esan dute udal teknikariek, eta, horretaz gain, ur-txirrista eta txorrota berriak jarriko direla. Datorren udarako prest egongo direla aurreikusten dute. 350.000 euroko aurrekontua dute lanek. 

Bai Ixarko lanak eta bai igerilekukoak, urte hasieran hasi gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!