Erroldatze araudia aldatzea eskatu dio Zornotzako Harrera taldeak udalari

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 27a, 16:00

"Pobrezia egoeran" eta atzerritartasun legeak mehatxatuta dauden herriko lau familia lagundu gura ditu Zornotzako Harrera taldeak, eta horretarako indarrean dagoen erroldatze araudia aldatzea eskatu dute udalbatzan. Andoni Agirrebeitia alkateak esan du egoerari konponbidea emateko azterketa juridiko bat egiteko prest dagoela, eta horretarako batzorde bat osatuko dutela. "Arazorik ez dugu lankidetza mahaia egiteko".

Zornotzako Harrera taldearen arabera, indarrean dagoen erroldatze araudiak legedia "urratu" egiten du, eta hori aldatzea eskatu dute udalbatzan. Pobrezia egoeran eta atzerritartasun legeagatik lana galarazita duten lau familia lagundu gura dituzte modu horretan. "17 pertsona guztira, horietako 9 umeak". Luis Urrengoetxea kaleko etxe okupatu batean bizi dira eta Harrera taldearen esanetan, aurrerantzean, bizimodua Zornotzan egiteko nahia agertu dute.

Irati Ayesta Harrera taldeko kidearen esanetan, udalak etxebizitzaren jabetza titulua, alokairu kontratua edo jabearen baimena aurkeztea ipintzen ditu herrian erroldatu ahal izateko baldintza modura. "Okupatutako etxe batean bizitzea ezin dela erroldatzeko arazoa izan", adierazi du. "Udaletxea ez da nor etxebizitza horretan bizitzea iruzurra den edo ez baloratzeko. Egin behar duen bakarra da familia horiek bertan bizi direla ziurtatu. Zerbitzu sozialen bitartez egin dezake".

Andoni Agirrebeitia alkatea prest agertu da auziari azterketa juridiko bat eginda heltzeko, eta horretarako batzorde bat osatuko dutela adierazi du. "Arazorik ez dugu lankidetza mahaia egiteko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!