Eusko Ikaskuntzak hainbat arrazoi eman ditu Xabier Amuriza (Etxano, Zornotza, 1941) bertsolari, idazle eta itzultzailea aurtengo hautagaien artean sartzeko. 80ko hamarkada hasieran bertsoak "modernizatu" zituela argudiatu dute. "Ordura arte zetorren tradizio aberatsa oinarri gisa hartuz, kantatzeko eta egiteko era berriaren bertsolari adierazgarriena izan zen aro berriari hasiera emanez", azaldu dute.
Hurrengo hamarkadetan ere "lan emankorra" izan duela azpimarratu dute, "bertso-eskolak "bultzatuz eta bertsolarien lana elikatzeko ekoizpen ugari eginez". Horrekin batera, bertsogintzan, bertso-doinugintzan, bertso-errimatan zein kantatzeko eran eduki duen eragina "izugarria" dela nabarmendu dute.
Gainera, bertsolaritzaz gainera, beste genero batzuk (eleberria, azterlanak, diskak eta grabaketak) ere landu dituela da aurtengo hautagaien artean egoteko beste arrazoi bat.
Bozketa
Irailaren 18ra artekoa da bozka emateko epea Eusko Ikaskuntzaren webgunean. Euskal komunitatearen bozkek kopuru osoaren %10a balioko dute. Eusko Ikaskuntzako kideenak %30eko pisua izango du eta epaimahai instituzionalarenak %60koa. Irabazlearen izena 2019ko udazkenean jakinaraziko da.