“Gurago dut amuarraina errekara bueltatu; hurrengoan, handiagoa izango da, eta zailagoa arrantzatzeko”

Aitziber Basauri 2019ko ira. 15a, 11:00

Mikel Jimenezek (Zornotza, 2000) euliagaz arrantzan egiten du. Pazientziagaz hartu beharreko jarduna dela onartu du. Aurten, nagusiekin lehiatzen hasi da eta Espainiako txapelketan ondo sailkatzea du erronka. Badaki maila altua dela, baina ikasteko ere baliogarria zaiola uste du zornotzako gazte honek.

Euliagaz arrantzan egiten duten bakarrenetarikoa izango zara inguruan.
Bai. Txapelketetan, gazteen mailan, beste bi ibiliko dira Bizkaian asko jota. Nagusietan, hiru edo lau.   Gipuzkoan zaletasun handiagoa dago.

Eta nolatan hasi zinen zu?
Roberto Estremianaren eskutik hasi nintzen, 14-15 urtegaz. Urtero Txilera joaten da arrantzatzera, Patagoniara, eta berak erakutsi dit dakidan guztia. Aitak aurkeztu zidan. Espainiako hiru txapelketatan ibili naiz harrezkero.

Familiatik datorkizu zaletasuna?
Ez. Inork ere ez daki nondik datorkidan. Osaba batek arrantzatzen du, baina aitari ez zaio batere gustatzen. Are gutxiago lehiaketetako estresa eta presioa. Nigaz etorri zen Txekiara, eta behin hartu zuen kainabera.….

Non arrantzatzen duzu?
Gipuzkoan, batez ere. Andoain eta Leitzaran aldera joaten naiz. Bizkaian ez dago ia amuarrainik. Maila altua dago Gipuzkoan. Asko erakutsi didate han. Ia astebururo joaten naiz. Beste arrantzale batzuekin geratzen naiz eta elkarrengandik ikasteko aukera dugu.

Bizkaian errekak ez daude osasuntsu?
Ez. Gainera, ez dago amuarrainik eta ez da birpopulatzeko neurririk hartzen. Gipuzkoan arduratsuagoak dira.

Zer du arrantzatzeko era honek?
Artea da. Latigo modalitatean arrantzatzen ditugu amuarrainak, eta ez ditugu etxera eramaten. Arrantzak lasaitasun handia ematen dit. Erlaxatzeko unea da, txapelketetan tentsioa eta presioa izaten ditugun arren.

Batzuek ez dute ulertzen hil bako arrantza.
Nire amamak ere ez. Nik neuk gurago dut amuarraino errekara bueltatu; hurrengoan, handiagoa izango da, eta zailagoa arrantzatzeko. Amuarrain hori zenbat eta gehiagotan arrantzatu, orduan eta finago ibili beharko dut.

Zein da teknika?
Errekako intsektu txikiak imitatuz arrantzatzen dugu. Harrien azpitik ur gainera igotzen dira, eta mugimendu hori imitatzen dugu euliagaz, ahalik eta erarik naturalenean, amuarraina konturatu ez dadin. Dena eskuekin egiten dugu, karreterik barik. Kontu handiagoz arrantzatzen dugu. Teknika beragaz harrapakariak ere arrantzatu daitezke. Marrazoak, adibidez. Kasu horretan, arrainak imitatuko genituzke.

Lasaitasuna eta bakardadea arrantzagaz loturiko berbak dira.
Bai. Baina, askotan, lagunagaz joan naiz. Hala ere, bakarrik arrantzantzea ere gustatzen zait, kontzentratuta, erreka bakarrik entzunda.

Bereziki gogoan duzun amuarraina...
Munduko txapelketan, azken txandan arrantzatutakoa. Ordubete ezer ere ikutu barik egon eta gero, azken ordu erdian 45 zentimetroko amuarraina harrapatu nuen, errekakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!