“Txakurrak umeak bezalakoak direla pentsatzen dute askotan jabeek”

Aitziber Basauri 2019ko ira. 9a, 13:20

Orain 10 urte, agilitya praktikatzen hasi zen Nas txakurragaz (Border Colier-a), amaren lekukoa hartuta. Orain 5 urtetik hona, epaile ere bada. 2013tik hona, kirol kontseilu gorenak kirol moduan onartu zuenetik, ehiza federazioak bere barruan jasotzen du agilitya. Maider Aregok Nas (Bordier Colier), Barri (Jack Russell Terrier), Laga eta Aika (Australian Sheperd) txakurrak ditu lagunik kutunenak.

Nola definituko zenuke agilitya?
Hipikan antzera, epaileek prestatutako zenbait ibilbide egin behar dituzte txakurrek, gure aginduak beteta, eta denbora tarterik laburrenean. Txakurrekin sortzen den konexioa itzela da. Txakurrekin kirola egiteko modua da eta jende berria ezagutzeko aukera ematen du. Txikiak direnetik hasten naiz eurekin lanean. Astean hiru bider joaten gara entrenatzera Durangora.

Txakur hezitzaile lez, zein da gehien landu behar izaten duzun arazoa?
Txakurren beldurrak nola bideratu. Beldurtzen direnean, txakurrek ihes egiten dute, edo zaunka eta haginka egiten dute. Gainera, zaunka hastean, txakurrari oihu egiten zaio askotan, eta, horrela, beldurtu baino ez ditugu egingo. Bukle batean sartzen da. Gerta daiteke jabeari beldurra hartzea.

Zein da egiten den akats nagusia?
Txakurrak umeak bezalakoak direla pentsatzen dute askotan jabeek, eta ezin da ahaztu txakurrak direla. Konpainiarako txakurrak daude, eta lanerako direnak ere bai; bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Nas artzain-txakurra da eta Barri arratoiak harrapatzen lehena. Ezin dira lotu eta pasealdi bat egitera eraman.

Gure egoera fisiko, emozional eta sozialean laguntzen dute txakurrek.
Bai. Zornotzako nagusien egoitza batean lan egin dugu  txakurrekin, eta han ikusitako irribarreak, aurpegiak…  itzela da! Eurekin jarrita egote hutsak, hondartzan adibidez, lasaitasun handia ematen dit niri. Txakurrekin munduaren azkeneraino joango nintzateke. Txakurra beti izango duzu alboan, ezer eskatu barik; tratu txarra emanda ere bai, zoritxarrez.

Txakurrekin aritzea baino gogorragoa da sanferminetan txarangan jotzea?
Bai! 15 urtean joan izan naiz eta oso gustura ibili arren, aste gogorra izaten da. Txakurrekin emandako denbora, ostera, ez da lana, eurekin denbora pasatzea baino.

Erraz uztartzen dituzu egiteko biak?
Bai. Baina, batzuetan, aukeratu egin behar da. Esan behar dut txakurrak oso garrantzitsuak direla nire bizitzan.

Txakurra ala jabea hezi behar da?
Jabea, beti. Hortxe egoten da arazoa. Telebistako programek ere kalte handia egin dute.

Badago txakur arriskutsurik?
Ez. Euren ezaugarriengatik, haginka hasi daitezke, baina, nire ustez, jabea da arriskutsua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!