“Hamar urtean lehiatu barik egon eta gero, mendian disfrutatzea zen nire asmoa”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ira. 6a, 13:00

Etor Etxeandia zornotzarrak hamar urte baino gehiago egin ditu mendiko lasterketa batean parte hartu barik. Joan zen asteburuan, itzulerako lehenengo proba izan zuen Panticosan, eta bigarren postua eskuratu zuen.

Valle de Tena trailean bigarren postua lortu berri duzu. Itxarondako emaitza da?
Urte asko pasatu ditut mendian korrika egin barik, eta mendiko lasterketa batean izena ematea erabaki nuen neguan. Panticosako proba aukeratu nuen. Egia esan, lasterketa prestatzen ibili naizenean ondo ikusi dut neure burua, baina ez nuen uste bigarren postua lortuko nuenik. Hamar urtean lehiatu barik egon eta gero, mendian disfrutatzea zen nire asmoa.

Urte asko eman dituzu, beraz, mendian lehiatu barik. Zer dela eta erabaki duzu itzultzea?
Hamar urte lehenago, nahikotxo ibiltzen nintzen mendian, baina alde batera uztea erabaki nuen. Harrezkero, beste hainbat kiroletan ibili naiz, eta, egia esan, besterik barik itzultzea erabaki dut. 

Ibilbide gorabeheratsuari aurre egin zenioten, eta eguraldi txarragaz, gainera. Lasterketa benetan gogorra zapatukoa.
Oso proba gogorra izan zen, bai. Irteeran eguraldi ona egin zuen.    Hasieran nahiko aurrean ibili nintzen, hamabosgarren postuan edo. Kilometroek aurrera egin ahala, eguraldia okertzen hasi zen, baina ni, ostera, geroago eta hobeto sentitzen hasi nintzen. Apurka-apurka, jendea pasatzen hasi nintzen, eta, azkenean, indartsu amaitu nuen.

Sergio Aramendia irabazleak hiru minutu baino ez zizkizun atera helmugan.
Lehenengo partzialean hamar minutu baino gehiagoko atzerapena neukan, baina apurka-apurka denbora jaten joan nintzaion Aramendiari. Hala ere, begien bistan izan nuenerako, lasterketa amaitu egin zitzaidan.

Valle de Tena trailean lortutako bigarren postuaren ondoren, baduzu beste lasterketarik begiz jota?
Hile amaieran jokatuko den Gorbeia Suzien lasterketan egoteko aukera eman didate. Beraz, aukera hori aprobetxatuko dut.

Zein helburugaz zoaz?
Helburu nagusia korrika eginez mendian disfrutatzea, sentsazio onak izatea eta lasterketa gustura amaitzea da. Hala ere, oraingo sasoi puntu onean heltzen ahaleginduko naiz, eta proba ona egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!