“Bigarren pelikula izan arren, zentzu askotan lehenengoa dela ematen du”

Aritz Maldonado 2019ko ira. 2a, 08:50

Lara Izagirre Garizurieta (Zornotza, 1985) zuzendaria 'Nora' bigarren film luzearen grabazioan murgilduta dago azken asteetan. 'Un otoño sin Berlin'-eko drama alde batera utzi eta komedia besarkatuko du 'anti road trip' lez definitu duen lan berri honetan.

Nor da Nora?
Nora Zornotzako neska bat da, 30 bat urtekoa. Bere ametsa bidaia kazetaria izatea izan da beti, eta kotxe zahar batean bidaia bat egiteko aukera irten zaio. Azken urteetan, gura ez zituen gauza batzuk egiten ibili da, eta aukera irten zaionez, guk 'anti road trip' deitzen diogun hau egiten hasi da. Horrela deitzen diogu ez zaiolako bidaia oso ondo irtengo. Ez da urrun helduko, baina esperientzia handiak bizitzeko batzuetan ez dela urrun joan behar adierazteko modua da gurea.

Dramatik komediara egin duzu jauzi pelikula honetarako.
Bai, aurrekotik urrundu gura nuen. Un otoño sin Berlinen gidoiak bazituen komedia ukitu batzuk hasieran, baina proiektuak aurrera egin ahala beste forma bat hartu zuen: komedia guztia bidean galdu zuen eta pelikula dramatiko bat geratu zen. Oraingoan, alderantziz izatea gura nuen. Batez ere, komediazko gidoi bat idatzi gura nuen, arinagoa eta argiagoa, alde dramatikoa ere izango zuena. Gidoitik hasita, bestelako prozesu bat izan da, baina azpian dagoena, kontatu dudana eta kontatzeko modua, berdina izan da. Emozioetara joango den pelikula bat izango da, ez komedia arrunt bat.

Idazterakoan, igarri duzu presiorik?
Bai, nik neure buruari jarritakoa. Asko sufritu dut gidoia idazterakoan. Un otoño sin Berlinen ez zitzaidan horrelakorik gertatu, ez nuelako uste grabatzera helduko nintzenik. Bigarren pelikula izan arren, zentzu askotan lehenengoa dela ematen du, oso desberdina delako: nire lehenengo pelikula da euskaraz, road trip bat, komedia bat... Orain, ostera, lasaiago nago. Grabazio aldetik, lan konplexua dugu aurretik. Autoan grabatu behar dugu, baita platoan ere, eta gauza berri asko egingo ditut, baina oso talde ona dugu, sekulako ilusioa duena. Ane Pikazagaz hainbat hile egin ditut gidoiaren azken zatian lanean, baina grabaziora presiorik barik heldu naiz. Bost urte eman ditut pelikula berri bat grabatzen.Bost urtean behin grabatzen badut, ezin dut presiorik eduki; disfrutatu beharreko zerbait bilakatzen da.

Zornotzan grabatu duzue, besteak beste.
Hiru astean egon gara Zornotzan grabatzen. Ahal dela, herriari keinu egitea gustatzen zait. Gainera, hain izaera eta arkitektura mistoa duen herria denez, herri bakar batetik bost herri atera ditzakegu. Argazki zuzendaria ere bertakoa da, eta horrek asko errazten du dena.

Emakumeen presentzia nabaria da lantaldean.
Nora pelikulan emakumeok daramagu indar kreatiboaren pisua. Ni zuzendaria eta gidoilaria naiz, produkzio eragilea eta zuzendaria ere emakumezkoak dira, eta baita arte zuzendaria eta soinu bandaren egilea ere. Hori oso garrantzitsua da, eta, zoritxarrez, oso desberdina da. Gaur egungo zinemaren errealitatean, emakumeok emakumeen istorio bat kontatuko dugu, eta horrek desberdina egiten du pelikula. Niri naturalki irteten zait horrela, baina badago berdintasunaren aldeko apustu bat ere, estrategikoki planteatuta egon behar den zerbait dela uste dudalako. Berdintasuna oinarri moduan planteatzen ez baduzu, pelikulek ez dute berdintasunik erakutsiko. Gizartearen erdiak zeresana dugulako, noski. Zine-aretoetara goazenean, zenbat filmetan dira zuzendariak emakumezkoak, edo zenbatek parte hartu dute alde kreatiboan? Hori arazo larria da, eta etxean ere badaukagu. Hor apustu bat egin behar da, Garizatik egin duguna. Proiektuak egin ahala ikasi dugu; aukera desberdintasunaz ohartu ginen, eta neurriak hartu genituen estrategikoki berdintasunaren alde egiteko. Eta hori ona da zinemarentzat eta gizartearentzat, ez bakarrik emakumeentzat.

Hemen elkarteko kidea ere bazara.
Orain hiru urte sortu zen elkartea, zinearen munduan lan egiten dugun emakumezko profesionalak hor gaudela erakusteko, batuta oso indartsuak garelako. Errealitate hori laster irtengo da, ibilbide horretan orain ematen ari diren pausoak ez direlako nahikoa hamar urte barru egoerari buelta emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!