Aurrealdea eta defentsa indartzeko hainbat fitxaketa eginda, Amorebieta futbol klubak ekin dio aurtengo denboraldiari

Joseba Derteano 2019ko uzt. 21a, 10:00

Amorebieta futbol klubak hasi du Bigarren B Mailako aurredenboraldia. Hainbat fitxaketa eginda, iaz baino errendimendu erregularragoa lortzea izango dute helburu. Izan ere, aurreko denboraldian sufritu egin zuten lehenengo itzulian eta, bigarrenean, ostera, sekulako errendimendua erakutsi zuten.

Aste honetan, talde nagusia aurkeztu eta denboraldi berrira begira egindako fitxaketen berri eman dute. Aurpegi berri dezente aurkitu daitezke taldean, batez ere atzealdeko eta aurrealdeko lerroetan. Erasoko jokoa Durangoko Kulturaletik joan diren jokalari bigaz indartu dute: Ekain Zenitagoiagaz eta Iker Amorrortugaz. Atzealdeari sendotasun handiagoa eman guran, honako jokalari hauek batu dituzte, besteak beste: Aimar Sagastibeltza Gernika taldetik, Aitor Aldalur Burgos taldetik eta Beñat Garro Real Union taldetik. Atean ere nobedadeak daude. Burgos taldetik Mikel Saizar etorri da, eta Santurtzitik, Alvaro Perez. Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailea gustura dago osatutako taldeagaz: "Ekarri gura genuen jendea ekarri dugu eta klubean mantendu gura genituen jokalari garrantzitsuak geratu egin dira", adierazi du.

Estreinaldia Eibarren aurka
Denboraldi-aurreko lehenengo partiduak ez dira nolanahikoak. Herenegun Eibarren kontra jokatu zuten eta datorren asteko eguaztenean, 18:00etan, Osasunaren bisita jasoko dute Urritxen. Talde biak Lehen Mailan dabiltza.

Eibarrek 1-3 irabazi zuen Urritxen, baina prestakuntza partiduetan gutxienekoa da emaitza. Aipatzekoa da Amorebietaren gola Kulturaletik etorri den Ekain Zenitagoiak sartu zuela. Aurrera begirako hitzorduetan, Durangoko Kulturalaren kontra Urritxen jokatuko duten lagunartekoa nabarmendu daiteke: uztailaren 31n izango da norgehiagoka, 11:00etan.

Kulturalaren aurkezpena
Durangoko Kulturalaren denboraldi-aurrea ere abian da eta datorren asteko astelehenean egingo dute talde nagusiaren aurkezpen ofiziala, Tabira futbol zelaian. Iaz jaitsi eta gero, aurten Hirugarren Mailan arituko da Durangoko taldea. Aurtengo fitxaketei dagokienez Pablo Fita (Zamudiotik) eta Anton Alberdi (Iurretakotik) defentsak, Jon Azpiazu (Iurretakotik), Ander Sanchez (Anglet taldetik) eta Jokin Reche (Astrabuduatik) erdilariak eta Ander Franco (Balmasedatik) aurrelaria nabarmendu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!