Zornotzako Larrea Eskolan sarbidea hobetzeko lanak hasi dituzte aste honetan

Joseba Derteano 2019ko uzt. 17a, 09:53

Arrapala bi jarriko dituzte lehen hezkuntzako ludotekarako, besteak beste.

Zornotzako Udalak aste honetan hasi ditu Larrea Eskola Publikoko irisgarritasuna hobetzeko lanak. Larrea Eskolako Lehen Hezkuntzako ludotekan eta Luis Urrengoetxea kaleko Haur Hezkuntzako lehenengo solairuko komunetan egingo dira lanak, udalak ohar batean informatu duenez.

Alde batetik, ludotekako fatxadan ate berri bat egingo dute eta bertara joateko arrapala bi egingo dituzte. Helburua eraikinaren kanpo aldetik edozeinek sartu ahal izatea da, batez ere arratsaldez, eskola itxita dagoenean eta ludotekatik bakarrik sartu daitekeenean.

Haur hezkuntzako lehenengo solairuko komunei dagokienean, berritze lanen ondorioz, hirugarren komun egokitu bat egongo da. Irisgarritasuna bermatzeaz gain, dutxa bat eta umeak aldatzeko lekua izango ditu.

82.000 euroko inbertsioa

Lanak  ikasturte berria hasi aurretik amaituta egongo direla aurreikusten dute. Udalak, guztira, 82.000 euroko inbertsioa egingo du. Horietatik 33.800 ludotekarako sarbidea hobetzeko izango dira eta 48.200 komunak berritzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!