Zornotzako Izar Cutting Tools enpresan nazioartera zabaldu zireneko urteurrena ospatu dute

Joseba Derteano 2019ko eka. 28a, 12:00

50 urte joan dira munduari atea ireki zionetik.

Enpresan bertan, ekitaldi nagusia hartu duen gunea lepo bete da. Mundu osotik etorritako bezeroez gainera, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun arloko sailburuordea eta Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea batu dira, besteak beste.

Carlos Pujana Izar Cutting Tools-eko gerenteak, bere berbaldian, 1969tik gaur egunera arteko errepasoa egin du eta aurrera begirako asmoak azaldu ditu. "Munduko fabrikazio planta modernoenetakoa bihurtu gara, produktuen eskaintzan etengabeko garapenarekin, teknologia gaurkotuarekin eta beti hobetu nahian ", nabarmendu du. Urte hauetan bidelagun izandako guztiei eskerrak eman dizkie. Gaur egun, 90 merkatutan baino gehiagotan mugitzen da Zornotzako enpresa.

Estibaliz Hernáez sailburuordeak zorionak eman dizkie egindako ibilbideagatik eta Izar-ek berrikuntzarako duen ahalmena azpimarratu du.

Ondoren, 1969an Izar-en esportazio burua zen Jose Maria Gonzalez eta, bestetik, Beltracy-ren buru den Hervé Gendebien, garai hartako bisitariaren biloba, omendu dituzte. Aurreskua ere dantza egin diete.

Ospakizunak egun osoan jarraituko du. Besteak beste, enpresako azpiegiturak bisitatuko dituzte eta arratsaldean mendi martxa bat antolatuko dute.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!