Zornotzako Izar enpresak mundo osoko bezeroekin ospatuko du urteurrena

Joseba Derteano 2019ko eka. 18a, 11:39

Martxoan Zirgari saria jaso zuteneko irudia.

Nazioarteari ateak ireki zizkiola 50 urte joan direla gogoratuko dute ekainaren 28ko ekitaldian.

Egun horretan, bost kontinentetako ehun bat bezerok bisitatuko dute Zornotzako enpresa: Argentina, Txina, Egipto, Kolonbia, India, Japonia, Hegoafrika, Errusia, Zelanda Berria… Baita Europako ordezkaritza zabal batek ere, batez ere konpainiarentzako hain estrategikoa den frantziar merkatutik. Gainera, Zornotzako, Bizkaiko eta EAEko agintariak ere bertaratuko dira.

Ekintza instituzionalean, 1969an abentura honi hasiera eman zioten bi protagonistak omenduko dira. Alde batetik, orduan IZAR-en esportazio burua zen Jose Maria Gonzalez eta, bestetik, Beltracy-ren buru den Hervé Gendebien, garai hartako bisitariaren biloba.

Ondoren, enpresako ordezkariek IZAR-en esportazio-ibilbidea aurkeztuko dute, gaur egun munduan duen papera ezagutu arte. Bitartean, Miryam Artola artegileak, egun honetarako logotipo bereziaren egileak, era grafikoan ekitaldiaren nondik norakoak visual thinking itxuran margotuko ditu.

Belatxikietara mendi martxa

Gonbidatu garrantzitsuen artean Benoit Girondel korrikalari profesional frantziarra azpimarra daiteke. Berak coaching bat burutuko du eta, arratsaldean, hainbat bezero, langile eta Zornotzako kirol taldekidek lagunduta Belatxikietarako mendi-martxa bat zuzenduko du.

Horrez gainera, bere gizarte erantzukizun politikari jarraikiz, Unicef-entzako dirua bilduko duen enkante solidarioa ere antolatzeko asmoa dute ekitaldian.

IZAR-ek sare sozialetan kanpaina abian du, #IZAR50yearsinternational traolarekin, hil honetan burutuko dituenak ezagutarazi asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!