Hauteskundeak

[ARGAZKI GALERIA] "Elkarlanerako" nahia erakutsiz, Agirrebeitiak Zornotzako Udaleko aginte makila hartu du

Joseba Derteano 2019ko eka. 15a, 15:01

EAJk gehiengo osoa eskuratu zuen udal-hauteskundeetan eta udal eraketa sorpresarik gabe garatu da.

Udalbatzar aretoa lepo bete da. Eserleku denak hartuta eta jende asko zutik. Zinegotziek euren karguak zin egin ostean, alkate izateko hautagaiak proposatu dituzte. EAJk Andoni Agirrebeitia proposatu du. Alba Gutierrezek, berriz, bere burua aurkeztu du Elkarrekin Podemos-etik. EH Bilduk ez du hautagairik plazaratu. "Baten batek zalantzarik ba al du, bada?", esan du EH Bilduko Ander Uriartek, ekitaldiari umore ukitua jarriz eta EAJk gehiengo osoa duela aditzera emanez. 

Bozketa egin da. Andoni Agirrebeitiak aldeko 9 boto lortu ditu eta Alba Gutierrezek bat. Gainerako bozkak abstentzioa izan dira. Horrela,  Luciano Martinezen eskutik, aginte makila hartu du Andoni Agirrebeitiak, bertaratutakoen txaloen artean.

Alkateari dagokion jarlekuan eseri ostean, "ilusioz, dedikazioz eta herritarrei entzunez" lan egingo dutela adierazi du alkate izendatu berriak. Gainerako alderdi politiko eta eragile sozialekin "elkarlanean" jarraitzeko asmoa erakutsi du: "Beti izan gara prest adosteko eta herritarrentzat onuragarriak diren proposamenak hobetzeko".

EH Bilduko Ander Uriartek oposizio "arduratsua" eta "irmoa" egingo dutela adierazi du. Gai inportanteetan "herritarrengana jo" eta "prozesu parte-hartzaileak bultzatzeko" asmoa erakutsi du, "alkaterik onena herria" dela nabarmenduz. Horrekin batera, akordioak bilatzeari irekita egongo direla adierazi du.

Elkarrekin Podemos-eko Alba Gutierrez "berdintasunezko Zornotza justuago" baten alde lan egitera konprometitu da. PSE-EEko Alicia Hernandezek "herritarrak politikaren erdigunean" jartzeko lan egingo duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!