“Bizkai osoan, Durangaldea da skatea abandonatuen duen eskualdea”

Joseba Derteano 2019ko eka. 17a, 16:30

Elkargune bihurtu daitekeen skate parke egokirik barik, zaila da komunitatea indartzea, baina, aldi berean, komunitatea batu barik, gatxa da presio indar eraginkor bat osatzea. Korapilo hori askatzeko, 2020ko Joko Olinpikoak izan daitezke inflexio-puntua, zeinetan skatea diziplina olinpiko bihurtuko den lehenengoz. Horixe uste dute Pablo Gil (Malaga, Zornotzan bizi da, 1982), Juanma Segado (Zornotza, 1992) eta Carlos Torres (Zornotza, 1988) skatelari eta rolling-lariek.

Zuek ez zarete berriak kirol honetan.
Juanma Segado: Skatea nire bizitzako istorioa da. Umetan hasi eta 13 bat urtegaz eguneroko kontu bihurtu zen.
Pablo Gil: Ni Malagako Ronda herrikoa naiz. Han ez zegoen pistarik. Kalean ibiltzen ginen, patinetan. Marbellan skate parke bat egin zuten, eta hara joaten hasi ginen. Behin skatean nenbilela, jausi eta meniskoan min hartu nuen. Zornotzara etorri eta berriro hasi nintzen, urte batzuetan geldi egon eta gero.
Carlos Torres: Ni umetatik nabil.  Eta bat nator Juanmagaz. Gure bizitzako istorioa da, bai.

Skatea kirol bat baino gehiago da?
C.T.: Guretzat, bai. Bizitzeko modu bat da.
J.S.: Artea eta sormena sustatzen dituen kirola da.
C.T.: Garapen pertsonalerako bide bat da, nire ustez. Eta bere adierazpide propioa du.

Zornotzan parke bat dago, baina kanpora joaten zarete.
C.T.: Pablo hona bizitzera etorri zenean, kotxea zuenez, kanpoko herrietako parkeetara joaten hasi ginen beragaz.
J.S.: Pertsonalki, une horretan, beste herri batzuetako azpiegiturak ezagutu nituenean, mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Ez nuen imajinatu ere egiten horrelako parkeak existitzen zirenik.
C.T.: Ezta patinekin eta skateekin mugimendu harrigarri horiek egin zitezkeenik ere.
P.G.: Ondo pentsatuta egindako skate pistak dira eta kirola sakonean ezagutzen duten pertsonek diseinatutakoak.

Zornotzakoa ez dago horrela diseinatuta?
C.T.: Min egiteko arrisku handiagoa dago. Gure ustez, ez dago ondo diseinatuta. Esaterako, arrapalak mugimendu naturalari jarraitu beharrean, pistaren erdira jaurtitzen zaitu.
P.G.: Gaur egun, oso prezio lehiakorretan egin daitezke pista berriak, baita estalitakoak ere.

Udalagaz hartu-emanean izan zarete?
P.G.: Iaz, kirol arloko zinegotziagaz batzartu nintzen eta jarrera ona erakutsi zidan, baina, hortik aurrera, ez dakit gehiago.

Zornotzan jende askok praktikatzen du skatea edo rolling-a?
P.G.: Hainbat gara. Zaku horretan scooter-a ere sartuko nuke. Gaztetxo asko dabiltza. Erabilterraza denez, modan dago. Haientzat azpiegitura egoki bat jarriz gero, asko ibiliko liratekeela uste dut.
J.S.: Azkenean, skate parkeak elkar ezagutzeko eta komunitatea indartzeko toki bat dira.
P.G.: Sarritan gertatu zaigu kanpoko herrietara joan eta Zornotzakoa den jendea aurkitzea.
J.S.: Guk hirurok Zornotzako skate parkean elkar ezagutu genuen, eta, harrezkero, lagun-minak gara. Lehen, denok elkar ezagutzen genuen, Zornotzako parkean ibiltzen ginelako. Baina zaharkituta geratu da, denak kanpora joaten dira, baita gurasoak euren seme-alabekin ere. Zornotza dagoeneko ez da elkartzeko gune bat. Izaera hori galdu du.
C.T.: Zornotzako parkea orain dela 20 urte egin zuten. 90eko hamarkada amaieran praktikatzen zen skate estiloa oso desberdina zen gaur egungoagaz alderatuta. Harrezkero, kirolak eboluzionatu egin du, eta Zornotzako parkeak, ostera, ez. Gaur egun, hiri-altzariek parkeek baino joko handiagoa ematen digute.

Zergatik ez zarete elkarte batean batzen?
P.G.: Sortu genuen elkarte bat, 2008an, eta urte eta erdi iraun zuen. Zornotza Urban Crew deitzen zen. Komunitatearen elkargune izateko eta pista berria aldarrikatzeko sortu genuen. Orain berriro sortu gura genuke, baina…
J.S.: Esperientzia txar horren mamua dugu oraindik. Ahalegin handia egin genuen, baina azkenean ez zuen itxaroten genuen fruiturik eman. Hasieran, feedback handia sentitu genuen, ondo irtengo zuela zirudien, baina, apurka-apurka, beherantz egin zuen. Dezepzio haren ondoren, nor bere bidetik joan zen.

Zelakoa da skatearen indarra Durangaldean?
P.G.: Durangon badago skate gune bat, eta Zornotzakoaren anaia bikia da. Garai berekoak dira eta zaharkituta geratu dira.
C.T.: Jendeak gurago du Ezkurdin edo hiri-altzarietan ibili. Eserleku bati etekin gehiago ateratzen diote skate parkeari baino.
J.S.: Bizkai osoan, skatea abandonatuen duen eskualdea Durangaldea dela uste dut.

Bizkaian, zein da skate-gune erreferentea?
J.S.: Skatearen inguruan, Leioan egin dute inbertsiorik handiena Bizkaian. 
 
Scooter-a gaztetxoen artean modan dagoela aipatu duzue. Etorkizunean, skatea ordezkatu dezake? Arrisku hori ikusten duzue?
J.S.: Skateak oso nukleo indartsua du, batez ere Estatu Batuetan, eta handik mundu osora hedatzen da. Aldi berean, honako hau ere ikusten dut: nire umezaroan jostailu moduan skatea saltzen zen gehien, eta gaur egun scooter-ak gehiago saltzen dira.
C.T.: Nik rolling-a ikusten dut beheranzko joeragaz. Patin-banatzaile enpresak ixten ari dira. Horrek arduratu egiten nau. Ze, eskaririk ez badago…
P.G.: Skateak marka indartsuak ditu atzetik. Arropa marka jakin batzuk kalean ikusteak mugimendua indartzen du.
J.S.: Laster, skatearen etorkizunerako erabakigarria izango den data bat dator. 2020tik aurrera, diziplina olinpikoa izango da, lehenengoz.
P.G.: Skatearen berpizkunde bat izango dela uste dugu. 
 
Badago patinatzeari uzteko adinik?
J.S.: Skateko aitzindarietako batek, Jay Adams amerikarrak, hauxe esan zuen behin: “Patinatzeari ez diozu uzten zahartzen zarenean; zahar egiten zara patinatzeari uzten diozunean".

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!