Eneko Atxak diseinatutako menua jan dute gaur Galdakaoko ospitaleko pazienteek

Joseba Derteano 2019ko eka. 11a, 13:52
Eneko Atxa eta proiektuetako sustatzaileak gaur ospitalean eskainitako prentsaurrekoan.

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitarioak eta Basque Know How Fundazioak abian jarritako hiru proiektu aurkeztu dituzte gaur. Euretako batek sukaldari zornotzarra du protagonista.

Hiru proiektuen helburua elikadura osasuntsua eta garapen jasangarria sustatzea da. Egitasmo bat Eneko Atxarekin elkarlanean abiatu dute. Sukaldari zornotzarrak, ospitaleko elikadura zerbitzuko langileekin era koordinatuaz jardunez, urteko lau menu prestatuko ditu, urtaro bakoitzeko bat. Sasoiko produktuak erabiliko ditu. Gaur Udaberriko Menua eskaini dute honako platerekin: Tomate-tartara, txerri papardoa, Idiazabal gaztaz egindako ñokia eta zizak, eta postrerako torrada karamelizatua. Uda, udazken eta neguan beste menu bana eskainiko dute.

“Gure ezagutza osasunaren mesedetan jarri gura dugu, eta, hala, gastronomia ondo jateko tresna izatea nahi dugu, pazienteen bizitza-beharretara egokitzea”, azpimarratu du Atxak gaur eskaini duten prentsaurrekoan.

Birdiseinatutako erretiluak

Bigarren proiektuaren barruan ospitaleko erretiluak birdiseinatuko dituzte. Ekimenaren helburua berrerabilpena eta birziklapena sustatzea da eta Deustuko Unibertsitateko 46 ingeniarik elkarlanean burutuko dute. Orain arte, erizaintzako profesionalekin zein pazienteekin eta euren senideekin batzartu dira. Batutako informazioa erretiluak birdiseinatzeko erabiliko dute.

Artea eta elikadura osasungarria

Hirugarren proiektuak komunikazioarekin eta artearekin du zerikusia. Ospitaleko material informatiboa modu erakargarriagoan erakutsiko dute EHUko Arte Ederretako ikasleen laguntzarekin.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!