"Pintxoetan gauza berriak lantzea gustatzen zait, eta zaporeen arteko kontrastea"

Aitziber Basauri 2019ko eka. 9a, 10:30

Uranga Tabernak irabazi du, bigarrenez, Zornotzako Jan Alai Pintxo Txapelketan herritarrek emandako saria. Paule Perezek sortutako 'Muuu' pintxoak batu ditu botorik gehien, eta 1.000 euroko saria eskuratu du. Sukaldaritza ikastaro bat egin zuen proba moduan, eta, horren ostetik, argi izan zuen ikasketak horretara bideratu gura zituela. Orain, gozogintzan dihardu Larrabetzuko taberna batean. Dioenez, pintxo batek duen itxuragatik erakartzen gaitu, batez ere. 

Zerk inspiratu zintuen 'Muuu' pintxoa sortzeko?
Aurten, egia esan, asko kostatu zait pintxoa sortzea. Hasiera batean, tomate marmeladagaz lagundutako hanburgesa bat prestatzeko asmoa nuen. Orain urte bi, zapore hori probatu nuen, eta buruan nerabilen. Baina inguruan probatzera eman nuen eta ez zuen arrakastarik izan. Bada, azkenean, batetik aldaketa bat eginda, bestetik beste bat... pintxoa sortu nuen: okela da oinarria, eta gazta kurruskaria, mahonesa, eta pikillo piperrak ditu. Errukola ere ipini nion, kontrastea emateko. 

Aurten, bigarrenez lortu duzue saria. Itxaroten zenuen saria?
Ez. Inondik inora ere! Iaz ere ez. Oreagaz egindako brik batean gorringoa aurkeztu nuen, oso gutxi frijituta. Kalabazin eta gazta purea zeraman, trufa olioagaz eta oliba beltzez egindako hautsagaz. Koilarakada bakarrean jateko zen, ahoan zapore eztanda eragiteko. Gorringoa ortuen sortu dudan pintxorik onena da.

Sukaldean zeri ematen diozu garrantzia?
Produktu naturalak eta  zapore garbiak gustatzen zaizkit. Adibidez, legatz on bati ez nioke sekula ere saltsarik botako. Pintxoak sortzean, proba eta nahaste asko egin izan ditut.

Lan handia dago pintxo baten atzean?
Uste baino lan eta ordu gehiago dago, bai. Gainera, pintxo landua sortu gura izaten dut eta, batzuetan, ez daukat gura beste baliabiderik. Baina laguntza handia dut Uranga tabernan. Momentuan sortzen zaizkidan ideiak apuntatzen joaten naiz, gero pintxoa lantzeko. Gauza berriak lantzea gustatzen zait, eta zaporeen arteko kontrastea.

Pintxoak barik, plater txikiak egiten dira...
Bai! Gasteizko pintxo lehiaketan, adibidez, pintxo eleganteak ikusi nituen. Itzelak! Gainera, pintxoaren esentziari eusten diote, ez dezan plater itxura hartu.

Betiko pintxoak ala berritzaileak dituzu gurago?
Denerik badago, hobeto!

Zeresana sortu du 'Gilda 2.0' pintxoak, ustezko plagioagatik. Zer deritzozu?
Lehiaketa batera bakoitzak sortutako pintxoa aurkeztea da logikoena. Gainerakoek egundoko lana egin ondoren pintxoa sortzeko, ez da bidezkoa batek kopiatutako pintxoagaz irabaztea; berritzaileenaren saria, gainera. Ez dakit nork duen errua. Irabazleak dio ez dela ohartu. Dena dela, ez naiz horretan sartuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!