Zornotzak Musika Banda edukiko du 43 urteren ostean

Aritz Maldonado 2019ko eka. 5a, 11:36

Lehenengo kontzertua ekainaren 15ean eskainiko du, 19:30ean, Zornotza Aretoan.

Aritz Labrador zornotzarra izango da zuzendaria, eta hogei lagun inguruk osatzen dute banda berria. Musikene goi-mailako musika ikastegian musika zuzendari ikasketak egiten ari da Labrador, eta ilusioz hartu du Zornotzan ostera musika banda edukitzeko erronka. "XX. mendeko agente kultural garrantzitsuak ziren musika bandak, Zornotzan honen berreskuratze lanetan aritzea berezia da niretzako". 1976an desagertu zen arte aurreko bandak egin zuen bezala, Zornotzako eguneroko bizitza sozialean parte hartuko lukeen banda izatea litzateke helburua. 

Musika banda berriaren proiektuak funtzio soziala ere izango du, izan ere, adin tarte desberdinetako zornotzarrak bilduko ditu. Labradorrek Javi Castaño perkusio jotzailearen edo Txapi saxo jotzailearen kasuak aipatu ditu adibide bezala; lehena orain arte Leioan (Bizkaia) ikasten ari zen ikaslea da, bigarrena, ostera, 1976an bandako kidea zen. 

Kontzertuaz gainera, dokumentala ere eskainiko da. "Uste dugu herriak banda zer den ikusi eta ezagutu behar duela" azaldu du Labradorrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!