Jan Alai lehiaketako irabazlea euren pintxo baten plagioa dela dio Madrilgo jatetxe batek

Joseba Derteano 2019ko eka. 4a, 11:17
Ancora jatetxeak aurkeztu duen pintxoa.

Madrilgo Arima jatetxeak euren pintxo baten eta Zornotzako Ancora tabernak aurkeztutakoaren arteko antzekotasunak salatu ditu sare sozialetan.

Egitura ez ezik, izena bera ere kopia bat dela salatu dute: Kasu bietan, Gilda 2.0 deitzen da pintxoa. Egiturari dagokionez, soplau ogiaren gainean atondutako gildak dira biak. Udaleko iturrien arabera, gaia aztertzen dira.

“Ez nuen Madrilgo pintxoaren inongo berririk”

Ancora jatetxeko Cesar Antonio Castellanosek adierazi du ez dela nahita eginda ezer izan. “Nik ez nuen Madrilgo pintxoaren inongo berririk”, defendatu da.

Pintxo biek izen bere izatea kasualitatea dela dio. “Hainbat izenen artean dudan nengoen eta, formazioz informatikaria naizenez, ‘Gilda 2.0’ jartzea okurritu zitzaidan. Ez zen nahita egindako ezer izan”.

Osagaien eta pintxoaren egituraren inguruko azalpena luzeagoa da. Aurten arte, “denbora gehiago” eta “elaborazio handiagoa” eskatzen zuten pintxoak egin izan ditu, esaterako, Venezolako plater tradizionaletan oinarritutakoak. Aurten zerbait “praktikoagoa” egin gura zuen. Ondorioz, gastronomia arloko hornitzaile batengana jo zuen. “Zerbait nobedosoa gura nuela esan eta euren katalogoan zer zeukaten galdetu nien. Soplau ogia eskaini eta gilda bat egitea gomendatu zidaten. Pintxoa egiteko behar nituen ia osagai denak ekarri zizkidaten”, gogoratu du. Beraz, “pintxoa egiteko ideia eskuartean nituen osagaietatik abiatu nuen eta zoritxarrez Madrilgoaren pintxo berdina irten da”, adierazi du.

Sortu den polemikagatik “lotsatuta” dagoela dio eta bere asmoa ez dela izan beste pintxo bat kopiatzea. Udal arduradunak beragaz harremanetan jartzen badira bere bertsioa kontatzeko “gogoz” dagoela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!