Zornotzan emakumeen txirrindulari irteera eta milia morea antolatu dituzte zapaturako

Anboto 2019ko mai. 28a, 10:00

Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren harira egindako ekintzak izango dira.

Emakumeen Kontseiluaren proposamena jarraituz, Urgozo txirrindulari elkarteak, Berdintasun Sailak eta Ametx Erakunde Autonomoak antolatuko dute emakumeen txirrindulari irteera. "Helburua da osasunerako eskubidea giza eskubidea dela berrestea eta emakumeek inolako murrizketa edo salbuespenik gabe horretarako aukera izatea beraien bizitza guztian zehar", adierazi dute udaleko ohar batean.

Zapatuan, 10:00etan, irtengo dira Zornotzatik eta emakume guztiei irekita dago. 57 kilometroko ibilbidean Ipiñaburutik eta Dimatik igaroko dira, 12:30 inguruan Zornotzara itzuli aurretik. 

Zunba saioa eta milia morea

Beste hainbat ekintza ere izango dira egun horretan. 11:30ean milia morea hasiko da, Iraia Garcia korrikalariaren laguntza izango duen lasterketa herrikoia (1.6 kilometro). Parte hartzen duten emakume guztiei kamiseta bat oparituko diete.

Horrez gainera, Zunba saio bat antolatuko dute Zubiondo parkean, 10:30ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!