Auto elektrikoak kargatzeko aukera egongo da Zornotzan ekainetik aurrera

Joseba Derteano 2019ko mai. 22a, 12:00
San Miguel kalean daude kargagailuak.

San Miguel kaleko 18. zenbakian dago bi kargagailu dituen gune berria. Erabiltzaileek aplikazio bat instalatu behar dute mugikorrean erabili ahal izateko.

Ekainaren 1etik aurrera ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko lehenengo kargagailu bikoitza izango du Zornotzak. San Migel kaleko 18. zenbakiaren aurrean egongo da. Kargagailua Udalarena izango da eta entxufatu daitezkeen ibilgailu elektriko eta hibridoek erabili ahal izango dute.  Bi ibilgailu batera hornitzeko aukera emango du, guztira 43 kW-ko potentziarekin, udalak ohar batean informatu duenez.

Kargagailua erabiltzeko, aplikazio bat instalatuta izan beharko du erabiltzaileak bere telefono mugikorrean. Aplikazio hori erabili beharko da erabiltzailea erregistratzeko, tasa ordaintzeko edo egun eta ordu konkretu baterako kargagailua erreserbatzeko. Instalatu ondorengo lehenengo urtean, kargatzea doakoa izango dela azaldu du udalak oharrean.

Ibilgailuen bateriak kargatzeko jarriko diren bi leku horietan, gehienez ere lau ordutan egon ahal izango da. Honekin txandakatzea bermatu nahi da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!