Kutsadurak eta keak eraginda, Mexiko Hirian kalera irten ezinik egon direla kontatu du Maialen Arteaga zornotzarrak

Joseba Derteano 2019ko mai. 20a, 20:00
Maialen Arteaga, berak Mexiko Hirian ateratako argazki bat ondoan duela.

Suteetako kea kutsatuta dagoen aireari batu zaio, eta arnasteko arazoak sortu ditu. “Buruko minak" eragin eta "begiak gorri” jartzeraino, Maialen Arteaga zornotzarrak kontatu duenez.

Durangaldean airearen kalitatea gero eta solasaldi gehiagotako berbagaia den garaian, Mexikotik muturreko egoera baten kontakizuna egin du Maialen Arteaga zornotzarrak sare sozialetan. Mexikoko hiriburuan kazetaritza ikasten dabilen 21 urteko gaztea etxetik irten barik egon zen joan zen asteko hainbat egunetan. Aspalditik kutsatuta dagoen aireari, azken aldian gertatu diren suteetako kea batu zitzaion eta “behelaino konstante bat” sortu zen, ANBOTOri azaldu dionez. “Hiriburua bailara batean dagoenez ke partikulak hemen pilatuta geratu ziren”.

Agintariek alerta egoera deitu eta etxetik ez irtetea gomendatu zuten, ikasleen klaseak zein hiriburuko bestelako ekintzak bertan behera utzita. Eguenean eta barikuan ez zuen klaserik izan Arteagak. Aurreko egunean, eguaztenean, joan zen unibertsitatera eta, etxetik gertu dagoen arren —10 bat minutara—, heltzea kostatu zitzaiola onartu du. “Heldu nintzenean eztula, eztarria urratuta, begiak gorri, buruko mina, ezpainak arrakalatuta… Pisukide denok sudurretik odola botatzen ibili ginen aste osoan”.

“Hemen egunero dago kutsadura”

Azken egunotan egoerak hobera egin du. Asteburuan alerta egoera bertan behar utzi dute eta gaur klaseei berriz ekin diete. Kaleak normaltasun itxura hartzen hasi dira, baina airearen kalitateak normala izatetik urrun jarraitzen du. “Hemen egunero dago kutsadura. Batzutan gehiago ikusten da eta geruza bat sortzen da. Klasekideek esan didatenez hemen ohikoa da antza sudurretik odola botatzea”, adierazi du.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!