Zornotzako M8 Plataforma: “Emakumeen Etxea behar dugu”

Joseba Derteano 2019ko mai. 17a, 20:47
Zornotzako M8 Plataformako kideak gaur udaletxe parean egin duten agerraldian.

Martxoak 8ko mobilizazioek izandako “arrakastak” animatuta, egun hari begira sortutako Plataformak aurrerantzean ere lanean jarraituko duela iragarri du.

Udaletxeko atarian egin dute agerraldia. Izan ere, hainbat mezu instituzioa gidatzen dutenei bideratu dizkiete. “Zornotzako emakumeok Emakumeen Etxea behar dugu, emakumeen artean adostutako zerbitzuak eskaini eta ahalduntzeko aukera emango digun espazio bat”, exigitu diote udalari; “Herriaren erdian eta denen bistara” egongo litzatekeena eta “emakumeek emakumeentzako” gidatutako luketena. Zerbitzu batzuk zerrendatu dituzte: Indarkeria matxista jasan dutenei bideratutako laguntza juridikoa eta psikologikoa, formakuntza tailerrak, aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza, besteak beste.

Udaleko alderdiei Emakumeen Etxea “helburu partidistekin ez erabiltzeko” eskatu diete. “Feminismoaren aldeko borroka ez da eta ezin da izan alderdien arteko liskarretarako gaia. Udala bere osotasunean da aukera berdintasunaren alde lan egin behar duena ”, azaldu dute Plataformakoek, Amaia Fernandezek eta Ane Larreak irakurritako testuan.

Parte hartze “aktiboa” gura dute Berdintasun Batzordean

Udalak Berdintasun Batzorde bat du, herriko hainbat elkarteetako eta udaleko ordezkariek osatzen dutena. Baina batzorde horrek “ez du erabakiak hartzeko eskumenik”. Ildo horretatik, Plataformak parte hartze “aktiboa” gura du batzordean eta batzordeko kideek boto eskubidea izatea eskatu dute. “Udalarekin elkarlanean jarduteko prest gaude, baina ez inondik ere udalarentzat lan egiteko” argitu dute.

Herritarrei Plataformara batzeko deia

Martxoaren 8ko mobilizazioen arrakasta aldarrikatu dute: “Itzela izan zen eta pozik eta harro gaude egindako lanagaz eta lortutako emaitzarekin”. Baina autokritikarako tartea ere hartu dute. “Ez ginen nahi genuen bezain anitza izan. Ez genuen emakumeen kolektibo denetara heltzerik lortu”, aitortu dute. Ildo horretatik, herriko emakume guztie dei egin diete Plataformara batzeko. “Guztiok elkarrekin adostu behar dugu Zornotzako emakumeok izan behar ditugun baldintza minimoak bizitza duin bat izateko”, adierazi dute.

Urte osora begira lan egiten jarraitzeko asmoa erakutsi dute: “Martxoak 8 Plataformak lanean jarraituko du. Borroka feminista ez da egutegiko egun batera mugatzen. Etengabeko borroka bat da”.

Azkenik, etxez etxeko zerbitzuan lan egiten dutenekin akordatu dira eta ordezkari politikoei eskatu diete “neurriak hartu” ditzatela azpikontratatutako zerbitzuetako langileen lan-baldintza “duinak” bermatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!