[BIDEOA] Hauek dira Zornotzako Jan Alai lehiaketan probatu ahalko diren 30 pintxoak

Joseba Derteano 2019ko mai. 16a, 15:12

Aurtengo aldia maiatzaren 30etik ekainaren 2ra izango da.

Lehiaketan parte hartzeko sistema urteroko bera da. Establezimenduek lau egunetan banatuko dituzte pintxoak. Parte hartu ahal izateko, gutxienez 15 pintxo dastatu behar dira, gune bakoitzeko hiru. Gero, txartel bat bete beharko dute, hiru pintxorik onenak zeintzuk izan diren eta zerbitzaririk profesionalena nor izan den adieraziz. Txartela betetzen dutenak 500 euroko sariaren zozketan sartuko dira.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 2an egingo dute, Zelaieta Zentroan. Hamar pintxorik onenen zerrenda ere osatuko dute. Iraunkor taldeak tokiko produktuekin betetako hiru saski zozkatuko ditu, gutxienez 15 pintxo dastatu dituzten parte-hartzaileen artean eta Dendariak elkarteak sari bat emango dio pintxo denak probatu dituenari.

Pintxo lehiaketako ordutegia honako hau da: maiatzaren 30ean, 18:00etatik 21:00etara; maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; ekainaren 2an, 12:00etatik 15:00etara. Lehiaketan sartu barik, taberna eta jatetxeek ordutegi horretatik kanpora ere eskaini ahalko dituzte pintxoak.

"Tabernak betetzen dira"

Gaur aurkeztu dute pintxo lehiaketa iazko irabazleekin. Pintxo berritzaileenaren saria Boroa jatetxeak irabazi zuen."Lehiaketak jende asko mugitzen du eta tabernak beti egiten dira. Hori denon onerako da", adierazi du Boroa jatetxeko Ander Undak. Lehiaketan "oso maila handia" egoten dela nabarmendu eta parte-hartzaile denak zoriondu ditu.

Uranga jatetxeak pintxo herrikoirik onenaren saria irabazi zuen. Bertako Aintzane Iturrioz eta Mertxe Hernandezek esan dute batez herrian jai giroa sortzeko helburuz parte hartzen dutela lehiaketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!