Bizkargi Egunean “egia eta justizia” aldarrikatu dituzte

Joseba Derteano 2019ko mai. 6a, 17:43

Besteak beste, Joxe Apaolaza Oiarbide Gabiriako (Gipuzkoa) gudariari omenaldia egin zioten. Apaolaza Amaiur batailoiko kide izan zen eta Bizkargin borrokatu zuen. Tiroz larri zauritu zuten eta 1937ko maiatzaren 14an hil zen Loiun, Bizkargi Gogoratuz Elkartekoek ohar batean azaldu dutenez.

Gertakari hartatik 82 urte igaro direnean, Joxe Apaolazaren senideak eta Juli arreba Bizkargin izan ziren atzo eta lore eskaintza bat egin zitzaien.

Sinadura bilketa
Ekitaldian Josu Ibargutxi frankismo garaiko preso eta errefuxiatuak biltzen dituen Goldatu elkartearen bozeramaileak hartu zuen hitza. Ibargutxik azpimarratu zuen 1936ko gerra eta frankismo garaian gertatutakoak berriro ez errepikatzeko berme bakarra “egia ezagutzea” eta erantzuleen “inpunitatearekin amaitzea” dela.

Horrela, Ibargutxik iragarri zuen laster sinadura bilketa kanpaina bat abiaraziko dutela Eusko Legebiltzarrean gerrako eta frankismoko biktimak aitortuko dituen Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!