Nafarroa Zentroko laugarren faseko lanak abuztuan hasiko dira

Anboto 2019ko api. 30a, 18:00
Nafarroa zentroa faseka eraberritzen ari dira.

Eraberritze lanen azken faseko lanen berri eman du udalak. Besteak beste, mendekotasun gradu baxua duten nagusien zentroa lekuz aldatu eta fatxadarantz eramango dute, argi naturala aprobetxatzeko.

Laugarren faseari abuztuan ekingo zaio Zornotzako Udalak ohar batean informatu duenez. Lehenengo solairuaren iparraldeko partea osorik eraberrituko da, hau da, Gizarte Ekintza Saila eta mendekotasun gradu baxua duten adinekoen zentroa. Nagusien zentro hori fatxadarantz gerturatuko dute, argi naturala aprobetxatuz. Gizarte Ekintza Sailak herritarrei arreta emateko duen gunea sarbide nagusiaren aurrez aurre geldituko da eta gainontzeko bulegoak barrurantz geldituko dira: bilera gela, bulegoak, komuna, biltegia eta erabilera anitzeko bulegoa.

Atondo nagusian komun bi jarriko dira, bat egokituta. Sarbide berri bi zabaldu beharko dira erdiko espaziotik, adinekoen jardueretarako eta atsedenerako gelarako.

Gainera, egungo argi-zuloak kenduko dira eta zentroaren beharrizanetarako egokia den argiztapen sistema bat jarriko da. Halaber, irteera kotan dagoen egungo teilatua guztiz eraberrituko da, orain dauden maldak eraberrituz.

Laugarren fase honen aurrekontua guztira 568.000 eurokoa izan da.  

Nafarroa Zentroko hobekuntza lanak faseka burutzen ari dira eta lehenengo hiru faseak amaiturik daude dagoeneko. Hain zuzen ere, bigarren solairua eta lehenengo solairuko hegoaldeko partea osorik eraberritu dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!