Amorebieta futbol klubak nesken torneoa antolatuko du lehenengoz eguaztenean

Anboto 2019ko api. 29a, 09:00
Ezkerretik hasita: Luciano Martinez kirol zinegotzia, Alicia Hernandez berdintasun zinegotzia, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta Jon Larrea Amorebieta futbol klubeko presidentea gaurko aurkezpenean.

Bide luze baten “lehenengo hazia” izatea gura dutela adierazi du Jon Larrea klubeko presidenteak.

Emakumeen futbola sustatzeko helburuz sortu dute SDA Gold Cup torneoa. Euskal Herriko 12 talderekin hasiko dira eta etorkizunean “nazioartera zabaldu” gura dute, Larrearen berbetan. “Anbiziotsuak izan gura dugu. Bide luzea eta zaila izango da, baina ilusioz aurre egingo diogu”.

Eguaztenean eta Zornotzako Txolon futbol zelaian garatuko da txapelketa. 2005ean eta 2006an jaiotako neskekin osatutako 12 taldeak hiru multzotan banatuko dituzte. Lehenengo partiduak 09:15ean hasiko dira eta finala 18:15ean jokatuko da.

Amorebieta taldeak torneoan parte hartu du; baita Athletic-ek ere. Ildo horretatik, Joseba Aguirre Athletic-eko emakumeen talde nagusiko entrenatzailea seguruenik Txolonen izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Egunean zehar hainbat zozketa gauzatuko dira. Sarien artean, Athletic eta Osasunako kamisetak, Kappa markako arropa, Boroa Jatetxean afari bat eta Amorebieta-Langreo partidurako bi sarrera nabarmentzen dira.

Herritarrei oinez joateko gonbita egin diete, Txoloneko azpiegiturak itxita egongo direlako.

PARTE HARTUKO DUTEN TALDEAK

A MULTZOA

- Athletic Club, Pauldarrak, Tolosa eta Etorkizun.

B MULTZOA

- Amorebieta, Bizkerre, Lakua eta Añorga.

C MULTZOA

- Osasuna, Basauriko Kimuak, Arratia, Aurrera Vitoria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!