“Kafe mingotsera ohitu gara, baina zapore gozoa edo garratza duena da ona”

Aitziber Basauri 2019ko api. 28a, 10:30

Egunean zortzi kafe hartzen ditu, batez beste, Sergio Gomezek. Bere berbetan, kafearen onurak gehiago dira kalteak baino. Cafes El Abra enpresan lan egiten du, trebatzaile moduan, eta kafearen lehen epaile izateko homologazioa lortu gura du aurten; baita jatorrizko kafeari puntuak emateko formakuntza ere. Kafearen munduan erreferentzia den 'El Ristretto' (Kolonbia) aldizkarian eredu lez hartu dutela-eta, harrituta eta eskertuta dago. Bide honetan guztian lagun izan duen Jose Vicente Llagunoren laguntza nabarmendu du.

Zein da kafe ona ateratzeko sekretua?
Hiru aldagai daude: lehengaia, kafe-makina eta bakoitzaren eskua. Jarrera eta lan intrusismorik ez egotea ere ezinbestekoak dira. Ikasi egin behar da garagardoa edo kafea ateratzen. Kafe-makinagaz dabiltzan gehienek ez dute nahita txarto egiten, hala ikasi dutelako baino. Ez dute izan nork erakutsi.

Horretan lanean zabiltza.
Bai, kafea nola atera behar den erakusten nabil. 15 ostalariri kafe luze bat nola atera behar den galdetuta, bakoitzak era bat azalduko digu. Baina era bakarra dago ateratzeko.  Kontua da ez dela erakutsi. Jendeak ondo ateratako kafe on bat hartzea  dut helburu.

Kafea neurriz hartzea gomendatzen dute. Ez da zure kasua.
Kafea munduko antioxidatzaile natural nagusienetakoa da. Ona da bihotzerako, gibelerako, alzheimerra dutenentzat... Onurak gehiago ditu kalteak baino.  Baina kafe ona izan behar da.

Eta zein da hori?
Beste kafetegiekiko errespetutik, esango dut %100 arabikoak erabiltzen dituzten tokietara jo behar dela. Bi bider kafeina gutxiago dute. Kafe mingotsera ohitu gara, baina zapore gozoa edo garratza duena da ona.

Estimatzen dugu kafe ona?
Zenbat eta gazteago, orduan eta kafe gehiago kontsumitzeko joera dago, kafe hobea gainera. Aukerak asko zabaldu dira. Organikoa, konpostagarriak... daude modan.

Hartutako kafearen isla gara?
Neurri batean, bai. Adibidez, kafe luzea edo amerikarra hartzen duenari, kafeaz gozatzea gustatzen zaio; ur asko dutenak aromatikoagoak dira, gozoagoak. Denboragaz hartzekoak. Espresoa edo Ristrettoa garratzagoa da, indartsuagoa. Bakoitzak gustatzen zaion erara hartu behar du kafea. Ondo jarri diezagutela lortu behar da.

Nola gustatzen zaizu zuri?
Era guztietara. Zale amorratua naiz. Plazerra dut lanbide.

2017an Euskadiko Barista Lehiaketa irabazi zenuen. Bueltatu zara lehiara?
Munduko txapelketara aurkeztu ez izanaren arantza dut, epaile lez lasaiago ibili arren.

Jatorrizko kaferik gustukoena?
Etiopia edo Kenyakoa; kafearen bihotza dago han. Baina Kolonbiakoa, Honduraskoa edo Guatemalakoa ere gustuko ditut. Laboraria ondo   egiten saiatu den toki horretakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!