Ohiko ibilbidean Movistarreko txirrindulariak izango dira irabazteko faborito Zornotzako 65. klasikoan

Joseba Derteano 2019ko api. 13a, 10:30

Movistar taldeak lau garaipen segidan daramatza Zornotzako Klasikoan, eta domeka honetan faborito nagusia izango da bosgarrena lortzeko. Bera izango da UCI Pro Tour mailako talde bakarra. Euskadi-Murias eta Caja Rural taldeak, ostera, sorpresa ematen saiatuko dira.

Domekan 09:15ean hasi eta 13:15 inguruan amaituko da lasterketa, Zornotzan. Iaz, Autzaganeko obrak amaituta, igoera hori berreskuratu eta ohiko ibilbidera itzuli ziren, eta aurten ere horregaz jarraituko dute: itzuli bana Durangaldetik eta Arratiatik, eta beste hiru Gernika ingurutik, Autzaganeko eta Muniketako igoerak barne. Guztira, 171 kilometro egingo dituzte bizikleta gainean.

Taldeak ekartzea "gatx" dago
Klasikoa aurkezteko ekitaldian, 12 talde zeuden lotuta, eta beste hiru-laugaz berbetan zebiltzan. Taldeak ekartzea "gero eta gatxagoa" dela azaldu zuen Iñigo Larrucea Amorebieta txirrindulari elkarteko presidenteak. Normalean, Portugalgo hainbat talde ekartzen dituzte, baina astebururako lasterketa berri bat antolatu dute han. Horren ondorioz, lasterketa bietan egoteko egitura nahikoa duten talde portugaldarrak bakarrik etorriko dira. Europako taldeak ekartzea ere ez da erraza. "Gehienek World Tourreko prezioak eskatzen dituzte etortzearren. Horrelako kantitaterik ez goaz ordaintzera kontinental talde bati", argitu zuen Larruceak aurkezpenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!